Villabonako Udalak kultura eskaintza zabala antolatu du udazkenerako

Aiurri 2020ko urr. 8a, 08:02

Urte osoko ikastaroak Gabonetako oporrak arte eskainiko dira egungo egoera epidemiologikoa dela medio.  Abenduaren erdialdean, Udalak momentuko osasun egoera baloratuko du eta egoki ikusiz gero, ekainera arte luzatu ditzake ikastaroak.

Izen-emate epea urriaren 5ean hasi eta 14ra arte luzatuko da. Nabarmendu beharra dago, izen-emateak telematikoki egin beharko direla egungo ez-ohiko egoera dela eta; horretarako, sartu www.villabona.eus webgunean.

Kultura sailak haurrentzat zein helduentzat ikastaro eskaintza zabala antolatu du aurtengo udazkenerako. Guztira, 10 ikastaro daude aukeran;  urte osoko 8 ikastaro eta 2 ikastaro labur.

Helduentzako urte osoko ikastaroen artean daude Arte aplikatuak, Egur lanketa eta pintura ikastaroak, azken hau 13 urtetik gorakoentzat. Ikastaro laburren artean, aldiz, Serigrafia edota Mindfulness. Haurrei dagokienez, hauek ere eskaintza zabala dute aukeran: Funky (11-16 urte), Ballet (6-12 urte), Klown (8-12 urte), eskulanak (6-10 urte) eta pintura (4-12 urte).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!