“Zinemagintza ezagutzeko aukera izan dut espero gabean”

Ainhoa Arozena 2020ko urr. 12a, 09:25
Aktore billabonatarra, Akelarre filmeko irudian.

Pablo Agüero argentinarrak zuzendutako Akelarre filmeko sei sorginetako bat da Garazi Urkola billabonatarra. Zinematan estreinatu berri den lanaren nahiz bere bidearen inguruan hitz egin du

Nolatan sortu zitzaizun Akelarre filmean parte hartzeko aukera?

Arte dramatikoa ikasten ari naiz Bilboko Dantzerti eskolan. Egia esan, ez da casting-deialdi gehiegi iristen, baina Akelarre filmeko hau publiko irekiari zabaldu zitzaion. Proba egitea erabaki nuen, eta hara non, handik bi astera deitu egin zidaten: zuzendariak ezagutu egin nahi ninduela, eta beste casting baterako deia eginez. Egun gutxira jakin nuen aukeratu egin nindutela… Modu horretan, zinemagintza ezagutzeko aukera izan dut espero gabean. Sorpresa polita izan da, ikasketak osatzeko aukera ezin hobea. Azken batean, eskolan lan asko egiten dugu arlo ezberdinetan, baina pratikan jakiten da benetan dakiguna. 

Katalin sorgina interpretatzen duzu zuk, taldeko sorginik gazteena. Nolakoa da Katalin? 

Katalin sei sorginetatik gazteena da. Beste bostak herri xumea ordezkatzen duten bezala, Katalin familia burgesago bateko kidea da. Aita itsasora joaten denean, bakarrik geratzen da etxean beti. Eta filmeko neska taldea ezagutzen duenean, haiekin elkartu eta ordura arte ezagutzen ez duen bizimodua bizitzen hasten da. Dena da berria Katalinentzat. Ikusten duen guztia inozentzia osoz jasotzen du; ingurukoengandik eskuratzen duen informazioaz eraikitzen da bere izaera. 

Nola sentitu zara haren azalean?

Zuzendariak eman zizkidan pautekin ezagutu nuen Katalinen, haren jokatzeko moduak ulertuz. Pixkanaka barneratu nintzen pertsonaiaren azalean. Ondo sentitu naiz. Sorgin izatea leporatzen dieten sei emakume ageri dira filmean, egun edozein emakume izan gintezke haietako bat. Sorginkeria inkisizioaren atzetik zeuden hainbat erakundek bultzatutako asmakeria izan zen, eta kasu honetan, Katalinek gertatutakoaren beste ikuspegi bat azaleratuko du. Txikitasunetik hasten bada ere, eraldakuntza handia izaten du Katalinen pertsonaiak amaierarako.

1609. urtean kokatutako filma da, sorginen ehiza oinarrian duena…

Pierre Lancrek idatzitako inkisizioaren inguruko liburuan oinarritutako fikziozko istorioa da. Pertsonaiak ere fikziozkoak dira, baina Euskal Herrian XVII. mendean gertatu zen benetako inkisizio prozesuan oinarrituta dago lana. Abiapuntua erreala da, beraz.

Garai hartan emakume askok eta askok bizitu zuten errealitatearen salaketa egin, eta orain artean askorik ikusi ez den gertaera haien berri ematen du. Sorgin-ehizaren inguruko beste ikuspegi bat emateko helburuarekin egin da filma. Zer da egia? Zer da gezurra? Zer da sorgina? Hausnarketa egiteko kontzeptu ezberdinak jartzen ditu eskura.

Zenbat iraun zuen filmaren errodajeak? Non grabatu zenituzten eszena nagusiak?

Zazpi aste izan ziren guztira. 2019ko maiatzaren lehen egunetan hasi, eta ekainaren amaieran bukatu genuen. Astelehenetik larunbatera egiten genituen grabaketak. Tartean egun libreak ere izaten genituen, noski, baina garai intentsoa izan zen. Eta hori baino lehen, urtarriletik apirilera, musika eta dantzako koreografiak entseatzen aritu ginen. Abestiak Mursergoko Maite Arroitajauregik sortu bazituen ere, filmako ahotsak gureak dira, eta entsegu ugari egin genuen. Gauza bera dantza koreografiak ikasteko ere. Modu horretan, grabaketekin hasi aurretik, taldekideak gure artean ezagutzeko aukera ere izan genuen.

Lesakan eszena ugari filmatu genuen, baina ez da herria bera ikusten, bertako etxe batean aritu baikinen grabaketan. Saran ere gauza bera, barruko eszenak grabatu genituen XVII. mendeko beste etxe batean. Bestela, Lagako hondartzan (Bizkaia), Urbasako basoan (Nafarroa), Pilatosen balkoian (Nafarroa) edo Itziarren (Gipuzkoa) errodatu genuen gehien; oso paraje dotoreetan.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 568. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!