Emakumea, espetxea eta zaintza izan ziren mintzagai Lurgatzek antolatutako mahai-inguruan

Aiurri 2020ko urr. 16a, 10:42

Aforoa bete egin zen Lurgatz talde feministak antolatutako 'Emakumea, espetxea eta zaintza' mahai-inguruan.

Urriaren 14an antolatu zuen 'Emakumea, espetxea eta zaintza' izeneko mahai-ingurua Lurgatz talde feministak Mintzolan. Esti Amenabarrok bete zituen gidari lanak eta hizlari egon ziren Maite Ortiz billabonatarra, Maite Aranalde ibartarra eta Katia Reimberg brasildarra preso ohiak. Horiez gain, Nekane Txapartegi asteasuarrak, Suitzan errefuxiatuta dagoenak,  pantailaren beste aldetik hartu zuen parte mahai-inguruan.

Gaia lantzen hasi aurretik, emakumeek zaintzaren alorrean egin duten lana ikustarazteko prestatutako irakurketa irakurri zuen Lurgatz talde feministak:

"Espetxea hizpide izango dugularik, ikusgai dugun presozidioaren aipamena egin nahi dugu. Izatez, espetxe politikak feministak ez direla jakinik, orain Covid-19a dela eta okerrera jo dute. Esaterako, salaketaren hitzetan gutxienez 118 pertsona hil dira aurten Espainiako espetxeetan. Azkenik, Zaballako emakumeen espetxean ikusi dugu, eta beste hainbaten antzera, saihestu zitekeen kasua izan da. Espetxe sistemak egiturazko desberdintasunak errepikatu eta legitimatu egiten ditu eta horien gainean sendo eraikita daude. Beraz, zer itxaron daiteke sistema usteldu hau sortu duten eta mantentzen duten instituzioengandik?

Momentu honetan, mugimendu feministan zaintza alorra ari gara sakonki lantzen, eta gaurkoan espetxe munduan emakumeak mugitzen duen zaintza lana jorratuko dugu. Beste hainbat alorren antzera, emakumeak espetxearen inguruan egiten duen lana ikusezina da eta bistaratu ahal izateko mahai-gainean jartzearen beharra ikusi genuen. Horregatik guretzako zuen ahotsak eta bizipenak ezagutzea oso garrantzitsua da".

Behin gaia azalduta, solasaldiaren txanda iritsi zen. Galdera ezberdinak izan zituzten hizpide, hala nola norberarentzat kartzela zer izan den? Nola bizi izan duten? Nolakoa den emakumearen papera preso dagoen senidearen aurrean?... Guztiek azaldu zuten beren espetxealdiko esperientzia nolakoa izan zen.

Mahai-inguruari amaiera Estitxu Eizagirrek eman zion berak sortutako bertsoarekin eta ikusleak ere animatu ziren bertsoa kantatzera. Hauxe da bertsoa:

Gizonei
zaintzarako egin dei...
Mila esker borrokatzen
duten emakumeei!

1. Zer da estatuarentzat
emakumeon gorputza?
Torturaz nahi du txikitu
ta kartzelan nahi du hutsa...
Osatu, zutitu eta
eman elkarri laguntza:
gorputzetatik hasten da
gure herriaren iraultza!

2. Umeaz erditu zara
bizitzaren aldarria!
Laztanen gosea dauka
bularraren egarria.
Izan daiteke sasia,
kartzela edo deserria...
eusten dion gorputza da
umearen aberria.

3. Gora gure amak eta
gora gure aman batailak!
Umeengandik urrunduak
kartzeletako kristalak;
umeengandik urrunduak
migrazio hesien bailak...
Ama denak dira onenak
egoerak dira zailak!

4. Elizak '"xuxendu" gaitu
plaza erdian kixkaliz,
ez garela "andre onak"
marmarrak kalean dabiltz...
domatu ez gaituztela
ospatu dezagun berriz:
zer litzateke herri hau
sorginengatik ez balitz!

5. Kapitalismoak dena
pribatizatzeko arra!
"Nere terapia", "nere
familia nuklearra"...
bakarka ez gara iristen
dugu elkarren beharra.
Herriak zaintzen du herria:
ume, preso edo zaharra.

6. Benetan al gara aske
nahiz kalean egon "ondo"?
Beltza, euskaldun zein pobre
beti susmagarri "txungo"...
Marratik irten orduko
bagaituzte eramango,
kartzelak eraitsi arte
ez gara libre izango!

BIDEOA OSORIK IKUSTEKO:

https://fb.watch/1d0Q8xp5MG/

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!