[BERTAN BEHERA GERATU DA]

"Garai bateko usadioak berreskuratzen aritu gara azken urteotan"

Mikel Arberas 2020ko urr. 28a, 08:06

Iyuya Urrutia eta Aitziber Cenzano Gau Beltzako antolatzailetako bi dira. Gau Beltzak aurrekari historikoak ditu Amasa-Villabona aldean eta horrexegatik, hainbat herrikide lanean ari da garai bateko ohitura zaharrak ez galtzeko.

Zer dela eta egingo da Gau Beltza delakoa Villabonan?

Iyuya: Bi arrazoi nagusi daude. Batetik, Halloween ospakizuna oso errotuta zegoela ikusten ari ginen. Urriaren 31n askotan ikusi ditugu haurrak mozorrotuta kanpotik jasotako ohitura bat izanik, joera bat sortzen ari zen. Gauzak horrela, kezkatu egin ginen, azken finean, Halloween ez da euskal tradizioan oinarritutako festa, baizik eta beste nonbaitetik dator, beste balore batzuk ditu eta beste eredu bat du. Tradizio amerikarra soilik ezagutzen badute, jai erakargarria denez, segituan barneratzen dute. Hortaz, zerbait egitea pentsatu genuen, izan ere, beste herri batzuetan bestelako jaiak bultzatzen hasita zeuden. Iaz, Pasaiako eta Oiartzungo Gau Beltzak ikusi genituen, eta, esan genuen, datorren urteari begira Villabonan horrelako zerbait egin beharko genukeela. 

Aipatu beharra dago, iaz neguko solstizioaren harira Olentzaroaren bidea egin genuela. Umeei azaldu genien gabonak eta Olentzaroa zertan oinarritzen ziren, batez ere, tradizio aldetik. San Juan egunean udako solstizioa ospatu genuen; akelarre moduko bat egin genuen pertsonaia mitologikoekin. Zikloari amaiera emateko Gau Beltza egitea polita litzateke. 

Zeintzuk dira Gau Beltzak dituen aurrekari historikoak?

Aitziber: Harrituta geratzen ari naiz, izan ere, unibertsitateak atera duen kurtso batean gaiari buruzko informazio asko azaleratzen ari da; bertan liburu bat eduki genuen eskuragarri, garai batean tesitzat aurkeztu zena. Liburuan Amasa-Villabonako aiton-amona batzuk irten ziren Gau Beltza garai hartan nola ospatzen zen kontatuz, eta dirudienez, aurrekariak baditu. Harrituta geratu gara aurkitu ditugun testigantza guztiekin, ikastaroa egiten ari garenetik ohartu gara uste baino lekukotasun gehiago daudela Amasa-Villabona inguruan. Liburuak 'Itzalitako kalabazen berpiztea' izena du, Josu Ozaita eta Jaime Altuna dira egileak. 

Iyuya: Gau Beltzak bazituen elementu eta erritu batzuk. Tradizioa landa eremutik dator, zeren eta abeltzaintzak eta nekazaritzak beti eduki du harremana naturarekin, hortaz, kalabazaren oinarria erritu haietatik datorrela esan genezake. Esaterako, haurrek kalabazak ustutzen zituzten eta forma deigarria ematen zieten. Batzuk diotenez, bizilagunak beldurtzeko egiten zen, besteek, berriz, arimak irudikatzeko. Edozer dela ere, badago usadioa. Aurrerago erlijioak Santu Guztien eguna hedatu zuen eta horrek landa eremuarekin zegoen harremana hein handi batean moztu egin zuen. Liburuan aipatzen denez, herri bakoitzean gauza ezberdinak egiten ziren; adibidez, Oiartzunen txorimalo bat egiten zen kalabaza batekin, Zaldibin hilerrian kandelak jartzen ziren eta Amasa-Villabonan maindireekin jendea ikaratzeko ohitura zegoen. 

Gau Beltzaren usadio berreskuratzearekin zer lortu nahi duzue?

Aitziber: Antolakuntza taldean 40 pertsona inguru gaude; hainbat pertsonaia batu eta antzerkiak antolatu behar dira, lan handia dago atzetik. Alde batetik, ekintza hauekin guztiekin garai bateko usadioak berreskuratzen aritu gara azken urteotan. Bestetik, herriak parte hartzea nahi dugu, herriak lortu baitezake usadio bat urteetan bermatzea. Prozesu guzti honetan familiek ere parte hartzea nahi dugu.

Iyuya: Niretzako garrantzitsua da haurrek naturarekin harremana edukitzea; Olentzaroren bidean eta udako solstizioan umeei lehenago ilunduko edo argituko duela irakasten saiatzen gara. Basoko elementuekin ere harremantzen ahalegintzen gara, adibidez, gaztainak oso elementu esanguratsuak baitira. 

Haur eta gazteengan zein harrera edukiko duela uste duzue?

Aitziber: Iruditzen zaigu, Olentzaroa adin txikiko haurrentzat den bezala, Gau Beltza helduagoei zuzendutako ekimena dela. Olentzaroan 9-10 urtekoek parte hartzea ez du zentzu handirik, beste fase batean daudela iruditzen zaigulako. Hemen ikusten dugu txikiek, bederatzi urte artekoek, beste modu batera parte hartu behar dutela. 

Galderari erantzunez, ez dakigu nolako erantzungo duten. Ideia asko ditugu, ikastetxeekin landu nahi den gaia da eta Gaztelekuarekin ere elkarlanean aritu nahi dugu. Hala ere, egoera ez da oso erraza, beraz, ez-ohiko baldintzetara egokitu beharko dugu. Ikusi beharra dago nola joango den eguna, lehen urtea izango baita. 

Iyuya: Nerabeek parte hartu dezakete, adin polita da mozorrotzeko eta beste haurrak ikaratzen laguntzeko. Eskoletan ere presentzia eduki nahi dugu, gai polita da ikastetxeetan lantzeko eta tradizio hau zertan oinarritzen den azaltzeko, baina egoerak ez du batere laguntzen. Horrez gain, karteletan ahal duenak etxetik trapu eta maindire zaharrekin mozorrotuta irtetea jarriko dugu. Pena ematen digu egoera honetan gauzak nahi bezala egiteko aukerarik ez edukitzea. Oihana Iguaranek kopla bat ere egin digu bertso eskolako kideekin, jaiak euskalduna izan behar baitu. Horrek ziurtatuko digu haurrek kantu hori ikasiz gero euskal ekimen bat izango dela. Kopla ikastetxeetara bidaliko dugu, eta, ondoren, zenbat lantzen duten ikusi beharko da. 

 

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 569. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!