"Asko sufritutako lasterketa izan zen nire lehenengo Behobia"

Olatz Lasa 2020ko aza. 8a, 11:00

Iraitz Arrospide Garro Elite mailako korrikalaria da. 2008an hartu zuen parte lehen aldiz Behobia lasterketan Iraitz Arrospide billabonatarrak. Geroztik, franko hobetu du korrikalariak, egun elite mailan onenekin lehiatzen delarik

Aurtengoan ez da Behobia lasterketa ezagutzen dugun formatuan ospatuko, ez da jenderik egongo korrikalariei animoak emateko. Modu birtualean antolatuko da azaroaren 2tik 8ra  bitartean. Iraitz Arrospidek ez du baztertzen formatu berrian parte hartzea. Behobiako bere ibilbidea errepasatu dugu berarekin.

Zortzi aldiz hartu duzu parte Behobia lasterketan. Nola gogoratzen duzu egindako ibilbidea?

Oso ezberdinak izan dira guztiak. Urte bereziak izan ziren lehenengo haiek, bertan hasi nintzelako korrika. Hurrengo urteetan hobetzen joan nintzen, eta azkeneko urteak elite mailatik bizi ditut, beste ikuspegi batetik; baina oso polita baita ere. Iraganeko haietan dago gaurko emaitza, esango nuke.

2008an hartu zenuen parte lehenengoz, 1:34:51ko denborarekin. Bereziki duzu gogoan lehen Behobia-Donostia hura?

Bai, oso ondo gogoratzen dut. Egia esan, ez nengoen behar bezala prestatuta, inoiz ez nuelako horrelako lasterketa luzerik egin. Gogoratzen dut azkeneko prestakuntza asteetan saiatu nintzela kilometro asko egiten eta prestatzen, baina denbora gutxirekin; lagun batzuekin ere ibiltzen nintzen korrika. Lasterketan zehar gaizki pasa nuen, momentu batzuetan gelditu ere egin behar izan nuen. Asko sufritutako lasterketa izan zen lehenengo Behobia hura.

Urtetik urtera hobetu duzu zure marka, iaz 1:01:01ko denbora eginez. Urtetako lanaren ondorioa da hori.

Urte askoren poderioz, entrenamendu asko eginda eta urteko ia egun guztietan entrenatuta. Esan bezala, azkeneko hiruzpalau urtetan maila txukunean egotea lortu dut. Geroz eta maila altuagoa dut, eta emaitzak lortu ditut. Pena pixka bat dut irabaztea ez dudalako lortu momentuz behintzat, baina hala ere lortutakoa oso polita da. Ordubete eta minutu batean Behobia amaitzea emaitza polita da gipuzkoar batentzat.

Behobia berezia al da zuretzat?

Behobia oso berezia da arrazoi ezberdinengatik. Alde batetik, bertan hasi nintzelako korrika. Korrika entrenatu eta hobetzeko nire arrazoia Behobia-Donostia lasterketa izan zen, lehenengo urtean behintzat bai; eta horregatik beti izango da berezia. Beti gogoratzen dut hasiera hura. Bestalde, Gipuzkoa mailan, baita Euskal Herri mailan ere, jende askok ezagutzen du, eta animazio handia izaten da. Eta horregatik guztiagatik lasterketa oso garrantzitsua da Gipuzkoa mailan. 

Aurtengoan COVID-19a dela eta, birtualki ospatuko da. Parte hartzeko asmorik bai?

Aurten egoera guztiz ezberdina da. Lasterketa guk ezagutzen dugun moduan ezin da egin. Beste formatu batean prestatu dute, birtuala izango dena. Bertan uste dut helburua ez dela denbora egitea, baizik eta parte-hartzea, 20 kilometroak betetzea astebeteko epean. Antolatzaileekin hitz egin ostean, ni behintzat prest nago Behobia lasterketan parte-hartzeko, modu birtualean bada ere; behintzat aurten ere erregistratzeko Behobia egin dugula. Ea hurrengo urtean uzten diguten berriz bueltatzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!