“Jairik gabe, ilusio horri eusteko eskatuko genieke amasarrei”

Sara Medrano 2020ko aza. 8a, 08:55

Gurutze Astiasaran eta Kepa Otegi  Martina Kultur Elkarteko kideak dira. Amasar guztiak bezalaxe, jairik gabeko egunetan murgildu dira, egunotan.

Urte osoa egoten zarete jaiak noiz iritsiko zain, baino aurtengoan, pandemia dela eta, ezingo dira jaiak ospatu. Zer diozue? 

Gurutze: Martxoan konfinatu gintuztenean, egoera hau pixkanaka hobetuz joango zela eta Samartiñak ospatzeko moduan egongo ginela pentsatzen genuen. Denbora aurrera joan den bezala, gauzak okertu egin dira eta urteroko ekintzei uko egin behar diegula ohartu gara. Nahiz eta guk ilusio bera eduki. Aurtengoak, beraz, horrela beharko du izan.

Kepa: Pena handia sentitzen dugu festak ezin izango ditugulako egin. Uztailean gauzak hain gaizki egon gabe ere, Santioak ez ziren ospatu eta horrek ere pena handia ematen du, baina Amasako festak guk antolatzen ditugunez eta gehienbat guk ospatzen ditugunez, pena eta min handiagoa ematen digu. 

Amasako Jai batzordeko kideak. 

Zer suposatu dizue jairik ez egiteak?

G: Lehen esan bezala, guretzat Amasakoak gure festak dira, guk antolatu eta ospatzen ditugulako. Ekonomikoki, orokorrean, galera handia izango da bai guretzat, baita Uxo Toki elkartearentzat eta Iturrigoxo tabernarentzat ere. Tabernaz gain, guk ere hainbat barra jartzen ditugu jaiek iraun bitartean. Elkartearen kanpoaldean ere izaten da beste barra bat, beraiek kudeatzen dutena. Gainera, Uxo Toki elkartekoek festetan eguneroko afariak eskaintzeaz gain, herri bazkaria ere antolatzen dute urtero. Hori guztia antzemango dute, aurtengo jardueran. 

K: Niri adibidez, ostegunez egiten dugun gazte egun hori ez egiteak eman dit pena handia. Aurreko urteetan ezin izan dut egun horretaz gozatu, azterketa garaia izaten delako. Eta aurten ilusio handia nuen festak beste modu batera disfrutatzeko. Beste batean beharko du, beraz. 

Festa guztietan izaten dira ohitura edo ekintza ohiko batzuk, Amasan ere izango dira noski... Zein somatuko duzue faltan?

K: Bai, esaterako askotan azpimarratzen dugun gazte eguna. Herriko festetan 15 urtetatik hasi eta 40 urte bitartekoak elkartzen gara. Gure artean sortzen den giro hori polita da eta urtean zehar ere harreman horri eusten saiatzen gara. Kontuan izan urte guztian zehar hemen bizi ez den jendea ere elkartzen dela. Lau egun horietan denak familia modukoa bilakatzen gara, horrek bere xarma ere baduela esango nuke. Ohitura bezala aipatuko nuke, ostiral eguerdian txokolatea egiteko elkartzen garen momentua. Pixkanaka-pixkanaka elkartzen gara soziedadean, eta bezperako pasadizoak gogoratzeko momentua izaten da.

G: Guretzat egun bereziena eta garrantzitsuena gazte eguna da, oilasko jokua izenez ezagutzen dena. Hala eta guztiz ere, gainontzeko egunek ere beren xarma dute, baita azken eguneko herri kiroletan parte hartzeak ere. Baina gazte eguna, gazte eguna da guretzat. Eta ez soilik gazte guztiak elkartzen garen eguna delako, baizik eta baserriz-baserri ibiltzen garenez baserrietako jendeari urteroko bisita egiten diegulako aitzaki horrekin. Eta ilusio handiz hartzen gaituzte, horrek ere egiten du eguna berezia izatea. 

Amasar taldea iazko oilasko jokoan. 

Zer esango zenioke Amasako jendeari….

G: Samartinak gazte zein helduak disfrutatzen ditugun festak direnez, pena handia izango da aurten egun horietan. Beraz,datorren urtean ez bada, hurrengoan bertan izango garela ilusio handiz. Urte berezi honi aurre egitea besterik ez zaigu geratzen.

K: Nahiz eta aurten Samartiñak ez diren izango, ilusio horri eusteko eskatuko nieke. Herriko festetan egoten den festa giroaz ez ahazteko, gure herri identitateaz. Eta baserrietako jendeari ere animoak eman nahiko genizkieke. Guk ere tristura handiz hartu dugu egoera, baina aurtengoa bisitaldirik gabeko egunak izango dira. 

Lasai egon daitezela amasar guztiak, dagoeneko datorren urteari begira gaude eta. Beraz, animo guztioi!

 

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 570. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!