Amasa-Villabonan izandako giza eskubideen urraketak jasoko ditu Aranzadik

(Ezkerretik eskuinera) Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria, Beatriz Unzue alkatea, Patxi Agirre EAJko ordezkaria, Xabat Laborde alkateordea eta telematikoki Maria Luisa Arija PSEko ordezkaria.

Herritarrei testigantzak partekatzeko gonbita egin zaie, biktimen lekukotasunak gordeta gera daitezen.

Memoriaren Eguna da gaur, azaroak 10. Azken urtean, Amasa-Villabonako Udalak modu adostuan Euskal Herriko gatazka politikoaren baitan terrorismoak, motibazio politikoko indarkeriak eta gehiegikeria polizialek eragindako biktima guztiak aitortu ditu. Beste urrats bat emate aldera, herritarren bizipenetara hurbilduko duen ikerketa lana egitea du helburu. Lan hori egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ekonomikoki lagundu dute, eta udalak Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu du ikerketa aurrera eramateko.

2016. urtean sortu zen Memoria eta Bizikidetza Batzordea Amasa-Villabonako Udalaren baitan. Udaleko alderdi politiko guztiek osatutako mahaia da. Beatriz Unzue alkateak adierazi duenez, "gure herrian izandako giza eskubideen urraketak ezagutu, argitaratu, aitortu eta ahal den neurrian erreparatzea eta aldi berean herrian elkarbizitza demokratikoa normalizatzea ditu helburu".

Egia argitara ateratzeko asmoz, Amasa-Villabonan izandako gertakariak eta biktimen kontakizun eta bizipenak jasotzeko, kontakizun "erreala" eta "integratzailea" sortu nahi dela azpimarratu du Patxi Agirre EAJko ordezkaria: "Terrorismoak, motibazio politikoko indarkeriak eta gehiegikeria polizialek eragindako sufrimendu guztiez jabetu nahi dugu, irakurketa integrala eginez eta berriro gerta ez dadin oinarri sendoak ezarriz".

Biktima guztiek dute egia jakiteko, aitortuak izateko eta justizia egiteko eskubidea.

Herritarrei testigantzak partekatzeko deia
PSE alderdiko Maria Luisa Arijak herrian sufrimendu ezberdinak pairatu dituzten eta beren eskubideak urratu dizkieten herritarrei erreferentzia eginez. "Pertsona guztiei entzuteko unea da, protagonisten testigantza zuzenak jaso eta argitaratuz". Jakitun da ariketa hori ez dela erraza, beldurragatik edota beste hamaika arrazoigatik bizipenak partekatu ez direlako.

Udaletik terrorismoa, motibazio politikoko indarkeria eta gehiegikeria polizialen ondorioz sufritu duten pertsona guztiak animatu nahi dituzte beren esperientzia partekatzera, eta ikerketaren bidez ezagutzera ematea. "Modu horretan, gertatutakoa jasota geratuko da eta ez da ahaztuko edo galduko", azaldu du Arijak.

Gertatutakoa ezagutzea da berriro ez gertatzeko lehen urratsa.

EAJ alderdiko ordezkaria den Patxi Agirrek ere herritarrak animatu nahi ditu ikerketan parte-hartzera: "Herri honetan hildakoak egon dira, eraildakoak, torturatuak, atxilotuak... baina bada beste biolentzia modu bat askotan intentsitate gutxiko biolentzia bezala ezagutzen dena. Hor daude jazarpenak, irainak, alderdi politikoek jasandako erasoak...". Gertatutakoa ahazteak memoriari mesede kaskarra egiten diolakoan da Agirrek.

Proiektua ondo atera dadin herritarren laguntza beharrezkoa dela azpimarratu du Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria den Javier Bucesek: "Herritarren testigantzak, argazkiak edota oroitzapenak ezinbestekoak dira". Beren testigantzak partekatu nahi dituzten herritarrek Aranzadi Zientzia Elkartearekin jarri behar dute harremanetan. Horretarako bi bide daude: posta elektronikoa memoria@aranzadi.eus edo 943 466 142 telefono zenbakira deituta. Beti ere, informazioa partekatzen duenaren anonimotasuna errespetatuko dela adierazi du ikerlariak.

Hiru garai historiko aztergai
Ikerketa lana nondik nora joango den xehetasun gehiagorekin azaldu du Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariak. "Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea. Ikerketa historikoaren bidez saiatuko gara gertatutakoa ezagutarazten, egia bilatzeko". Egiarik gabe, gertatutakoa jakin gabe, biktima horiei izen-abizenak jarri gabe ezinezkoa dela justiziaren eta erreparazioaren beste bi printzipioak lortzea azaldu du Bucesek.

Ikerketari dagokionez, gertuko oroimenari lotutako lana da, Euskal Gatazka izenez ezagutzen dena. Hiru garai politiko ezberdinetan mugituz, 1960. hamarkadatik egundainoko garaia hartzen du Aranzadik: diktadura, trantsizioa eta demokrazia. "Horretarako hainbat artxibotan ari gara ikertzen: tokikoa, probintziala, militarra, estatala", gehitu du Aranzadiko ikerlariak.

Amaiatzeko, Amasa-Villabona herriak oroimen historikoa berreskuratzearen alde egindako apustua azpimarratu nahi izan du Bucesek: "Desberdintasun ideologikoen gainetik, gertatutakoaren errealitatea modu inpartzialean hurbiltzeko apustua egin dute; inolako biktimarik ahaztu gabe".

Ikerketaren berri emateko aurkezpena atzo, azaroak 9, izan zen udaletxean, eta bertan izan ziren Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Xabat Laborde alkateordea, Patxi Agirre EAJko ordezkaria, Maria Luisa Arija PSEko ordezkaria eta Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!