Ostalariak kalera irten dira protesta egitera tabernen itxiera salatzeko

Aiurri 2020ko aza. 13a, 12:58

Amasa-Villabonako tabernariak herriko plazan bildu dira Eusko Jaurlaritzak hitzemandako dirulaguntzak ez dietela eman salatzeko. Tabernak ixtea derrigortzea ez dela justua deritzote, ostalaritzatik jende ugari bizi dela azpimarratuz.

Eguerdian bildu dira Amasa-Villabonako ostalariak herriko plazan 'SOS ostalaritza' lemapean. Ostalaritzarekiko Eusko Jaurlaritzak hartu dituen neurriekin ados ez daudela adierazteko egin dute protesta, eta hitzemandako dirulaguntzak lehenbailehen jasotzeko exijitu dute.

Txurrut tabernako nagusia den Mari Jose Irazustak azaldu duenez, "telebistan tabernarioi laguntza asko emango dizkigutela esaten ari dira, baina guk oraindik Eusko Jaurlaritzatik ez dugu peztik jaso. Egoera hau sostengaezina egiten ari da. Ez zaigu bidezkoa iruditzen ostalaritzarekin egiten ari direna".

Tabernak ixtea ez dela bidezkoa salatu dute. Izan ere, bestelako negozioak nahiz garraio publikoak martxan daude. "Nik uste dut tabernak itxi ere ez genituela egin behar. Bizitzak aurrera jarraitu behar du, eta jende pila bat dago ostalaritzatik bizi dena. Niri iruditzen zait ostalaritzatik ez datozela kontagioak esaten ari diren bezala. Hor daude zentro komertzialak, hor daude autobusak, hor daude trenak, jende pila bat ari da lanean eta hor ez al dira kontagiatzen? Gurekin egiten ari direna ez da justua", salatu du Irazustak.

Pandemian zehar zenbait neurri hartu behar izan dituzte ostalariek negozioak irekita mantentzeko, hala nola maskarillen erabilera, gel hidraulikoa erosi beharra, terraza egokitu beharra,  eta hori gutxi baliz, bezero bakoitzak neurriak zuzen betetzeaz arduratu beharra. "Guretzako oso lan gogorra da, baina hala ere uste dut nahiko ondo egin dugula. Hortaz, guri errua botatzea ez zait normala iruditzen".

Amasa-Villabonako Udalak emandako laguntzari dagokionez kexarik ez dutela azaldu dute: "Udalarekin harreman ona dugu. Beti gure alde egiten du, eta oso gustura gaude".

Azkenik, manifestazioa egitearen ideia zabaldu dute. Baliteke datozen egunetan manifestazioa deitzea, herritarrek ere ikus dezaten ostalariak ez daudela ados hartu diren neurriekin.

Guretzako oso lan gogorra da, baina hala ere uste dut nahiko ondo egin dugula

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!