Kontsumo Bonuen II. kanpaina abiatuko du Amasa-Villabonako Udalak

Aiurri 2020ko aza. 16a, 10:36

Bonuen kanpainan parte hartu nahi duten merkatariek azaroaren 23ra arte dute epea izena emateko. Udalaren webgunetik eman behar da izena, formularioa beteta.

Amasa-Villabonako Udalak 2020ko bigarren merkataritza bonuen kanpaina abiatuko du abenduaren hasieran. Kanpainaren helburua herriko merkataritza establezimenduak laguntzea izango da, eta herritarrek Gabonen harira egin beharreko erosketa bereziak herrian bertan egin ditzaten sustatzea. Oraingoan, bonuen kanpainan herriko merkataritza establezimendu guztiek parte har dezakete, baita elikagaiak saltzen dituzten dendek ere, hala nola harategiak, arrandegiak, fruta dendak...

Udalak 30.000 euroko aurrekontua ezarri du bonuetarako eta beste 2.000 euro kanpainako gastuetarako, esaterako, diseinurako, inprentarako.

Kanpainaren ezaugarriak
Herritarrek 30 euro ordainduta, 50 euroko balioa duen bonu-txartela eskuratuko dute. Bonu-txartel horretan, guztira, 7 bono indibidual egongo dira: 10 euroko 3 bonu, eta 5 euroko 4 bonu. Horrela, Amasa-Villabonako Udalak bonu-txartel bakoitza 20 euroko kopuruarekin lagunduko du.

Establezimendu bakoitzak bere bonu-txartelak izango ditu. Establezimendu batean bonu-txartela eskuratuz gero, bonu horiek establezimendu horretan bertan erabili ahal izango dira. Denda guztiek bonu-txartel kopuru bera jasoko dute, modu guztiz proportzionalean. Denda edo saltoki bakoitzari dagokion bonu-txartel kopurua, kanpainari atxikitako establezimendu kopuruaren arabera zehaztuko da. Establezimendu bakoitzean bonu-txartel bakarra erosi ahal izango da.

Abenduko lehen astean martxan
Bonuak 2020ko abenduaren lehen astetik 2021eko urtarrilaren 5era bitartean edo amaitzen diren arte, erosi ahal izango dira. Epe hori igarotakoan, bonuak baliorik gabe geratuko dira.

Kontutan hartu beharreko zenbait baldintza.Erosketaren zenbatekoa bonuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, aldea ez da eskudirutan itzuliko; eta bonua erosi ondoren ere ez da inolako trukerik onartuko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!