2020A25

Matazekin apaindu dute Amasa-Villabonako udaletxeko balkoia

Aiurri 2020ko aza. 25a, 13:06

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, emakumeek egindako matazekin apaindu dute Amasa-Villabonako udaletxeko balkoia eguerdian.

Amasa-Villabonan bizi diren jatorri ezberdinetako emakumeak gonbidatu dira ekimenera. Horietako batzuk udaletxeko balkoira igo dira matazak zintzilikatzera. Gero, Beatriz Unzue alkateak gaurko egunaren harira prestatutako adierazpena irakurri du, alderdi politiko guztiek aho batez onartutakoa:

Amasa-Villabona Udalak konpromiso hau hartzen du:

  • Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzea, haien beharrak eta eskaerak entzun eta aintzat hartuta, babeserako, arretarako, erreparaziorako eta berriz ez gertatzeko bermerako eskubidea bermatuko duten politika berriak diseinatzeko.
  • Behaketa hobetzea, indarkeria-egoeretan dauden emakumeen forma eta profil berriak hautemateko eta horien aurrean azkar jarduteko.
  • Indarkeria matxistaren edozein formari aurre egiten dioten emakumeentzako arreta- eta laguntza-zerbitzuak mantentzea, hobetzea eta egokitzea, ikuspegi konpontzailearekin, erakunde bakoitzaren eskumenen esparruan.
  • Emakumeen ahalduntzeari eta Gazteen artean indarkeriaren prebentzioari laguntzeko programak bultzatzea, etorkizuneko indarkeria-egoerak eragozteko funtsezko tresnak diren aldetik.
  • Tokiko bizitzan berdintasun-programak zaintzea eta egonkortzea, emakume-kolektibo batzuen egoera ahulak areagotzeko desberdintasunak areagotzearen aurka borrokatzeko.
  • COVID19ren krisiak emakumeen pobretzean eta kalteberatasunean duen eragina aztertzea, laguntza-jarduera espezifikoak diseinatu ahal izateko.
  • Genero-ikuspegia txertatzea enplegu-galerak, diru-sarrerak eta krisiaren beste eragin negatibo batzuk arintzeko neurrietan, zeinak eragin handiagoa izan duten emakumeengan, eta oztopo diren indarkeria matxistako egoeretatik ateratzeko.
  • Erakundeen, udalen, foru-aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa eskatzea, baliabideak bermatzeko eta beharrezko ekimen guztiak abian jartzeko, beren eskumenen esparruan.

Halaber, gure bizilagunei dei egiten diegu mugimendu feministak Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko eguna dela eta deitutako mobilizazioei atxikitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!