Eskaintzak

“Bizia ematen dute merkatalgune txikiek”

Sara Medrano 2020ko abe. 9a, 07:51

Aitziber Cenzano Basajaun liburu-dendako arduraduna da. Koronabirusak kontsumoan izan duen eragina izan du hizpide Villabonako Basajaun liburu-dendako arduradunak, baita tokiko merkataritza zaintzearen garrantzia ere.

Nola doakizue urtea?

Arraroa izaten ari da, salmenta arraroak. Aurreko urteetan azaroa hilabete txarra izan ohi da, baina aurten askok Gabonetako erosketak aurreratu dituenez, hobea izaten ari dela dirudi. Horrez gain, nabari da jendeak ezin duela herrigunetik irten erosketak egiterako orduan, eta beste urteekin alderatuz, herrian gehiago ari dira kontsumitzen. 

Konfinamendu garaian etxeko zerbitzua eskaini al zenuten?

Etxez-etxeko zerbitzuaren aukera eman genuen, bai. Eskaerak emailez, whatsappez, dei bidez... edozein modutara moldatu ginen eta ondo funtzionatu zuen. Oraindik ere eskaintzen jarraitzen dugu etxez-etxeko zerbitzu hori. 

Zeren salmenta jaitsi da asko? Eta igo, egunkariena akaso?

Nire kasuan eskoletako liburuen salmentak jaitsi dira gehienbat, baita eskolako materiala ere. Azken finean egoera honekin ikastetxeek liburu digitalerako jauzia eman dute eta liburu-dendei kalte egin  die horrek. Egunkarien salmentak ez du nabarmen gora egin, adibidez, eskulanak egiteko materialen salmentak eta baita denborapasenak ere gora egin dute. Gainontzeko guztia berdin mantendu da. 

Jendeak erosketak aurreratu egin ditu, beraz?

Baietz esango nuke. Azken fase honetan sartu ginenean, jendeari beldurra sartu zitzaion erabateko konfinamentua etorriko ote zen eta agian horrek bultzatu ditu erosketak lehenago egitea. Gainera Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako bono horiek eta baita Udalak eskaini dituen bonoek ere ondo funtzionatu dute. Bono horiek direla eta, jendeak kontsumitu egiten du eta hori eskertzekoa da. Hala ere, normalean, azaroko azken bi asteak oso txarrak izaten dira, Black Friday delakoaren beherapenen zain egoten da jendea. Nik ordea ez dut inoiz beherapenik egin egun horri lotuta, eta ez dut asmorik. Urte osoan zehar egiten diren eskaintzekin nahikoa dela iruditzen zait, eta gainera kate handiekin lehiatzea ezinezkoa zaigu guri.

Nola ikusten duzu tokiko merkataritzaren etorkizuna?

Herritarrok ohartu behar dugu zer nolako zerbitzu eskaintzen duten. Herriko merkataritza itxiko balitz, herriak ilun geratuko lirateke. Merkataritza da herriko argia pizten duen eragileetako bat eta garrantzitsua dela iruditzen zait. Baina horretarako ezinbestekoa da herritarrek herrian kontsumitzea. Egia da erabateko konfinamentua etorri zen momentuan eta Villabonako komertzioak itxita zeudela ikustea, harrigarria izan zela. Adibide garbienetarikoa izan zen hura, herria inoiz baino ilunago zegoen eta dudarik gabe bizia ematen dute denda txikiek. 

Zerrendatu mesedez liburu salduenak euskaraz eta gaztelaniaz, gehien saltzen diren jostailuak…

  • Liburu salduena, euskaraz, Xabi Solanoren trikitixa liburuaren 3. zenbakia da.
  • Erdaraz salduena, "Rey Blanco", Juan Gomez Juradorena. 
  • Jokoetan, kartak gehienbat. Baita eskulanak egiteko materiala ere. 

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!