Iraitz Arrospide: "Erabaki zuzena hartu dudala uste dut"

Aiurri 2020ko abe. 7a, 09:31

Iraitz Arrospide korrikalaria Valentziako Maratoian eraman zuen arropa jaso zuen unean. Argazkia: Real Sociedad atletismo taldea.

Atzo hartu zuen parte Iraitz Arrospide billabonatarrak Valentziako Maratoian. Ezin izan zuen lasterketa amaitu ondoezik sentitu zelako; eta iluntzean hitz batzuk esan zituen sare sozialetan zuzeneko baten bitartez, gertatu zitzaiona azaltzeko eta eskerrak emateko jaso zuen babesagatik.

Iraitz Arrospide korrikalariak atzoko zuzeneko bideoan azaldu zuenez, "lasterketa ez da ongi irten, baina hala ere animo eta babes mezu ugari jaso ditut eta horixe da baloratzen dudana. Horixe da politena". Bestalde, atzoko emaitza bigarren postuan geratu dela azpimarratu du, nahiz eta penaturik dagoen jasotako babesa lasterketan emaitza onarekin ez erantzutea: "Pena handia ematen dit, lasterketa on batekin ez erantzutea babesa eta animoa adierazi didaten jende guzti horiei. Niretzat, azken finean, erantzukizuna da nik ere zerbait eskaintzea, nahiz eta egia den sarritan ongi irten dela eta ospatu ahal izan dudala; baina gaurkoan ezin izan da eta pena hori eramango dut, lortutako emaitza baino gehiago. Emaitza bigarren mailan geratu delakoan nago".

Valentziako Maratoira joan aurretik ezin izan ditu ohiko osasun probak burutu korrikalariak, eta horri gehitu zaio ez dela egoera fisiko onenean sentitu. "Ez dakit momentu hoberenean iritsi den niretzako Valentziako Maratoia. Ezin izan genuen ebaluatu oso ondo zer moduz iritsiko nintzen forma-egoeran. Normalean laktato testa egiten da maratoiaren aurretik, zehazki fisikoki zer moduz aurkitzen zaren adierazten dizu, eta aurten ezin izan dugu testa egin baldintza ezberdinengatik. Batetik, Euskal Herrira ezin joategatik eta bestetik, Ingalaterran ez direlako baldintzak eman proba egin ahal izateko", azaldu du Arrospidek.

Erabaki zuzena hartu dudala uste dut. Gelditzeak gorputzari min gehiago egiten ez jarraitzea esan nahi du.

Mailari dagokionean, ezin izan du korrikalariak entrenamenduetan markatutako erritmoa jarraitu, eta bizpahiru saiakera egin ostean, lasterketatik erretiratzea erabaki zuen. "Erritmo kontserbadorea aukeratu genuelakoan geunden, erritmoari ondo eutsiko niola eta bigarren zatian oraindik eta korrika gehiago egingo nuela. Horixe zen estrategia. Hasieran asko kostatzen zitzaidan, esfortzu izugarria zen niretzat erritmo horretan jarraitzea. Erritmoa jarraitzea kostatzen zitzaidan taldean nengoen, bizpahiru esfortzu izugarriak egin nituen taldera batu ahal izateko. Azkenean ezin izan nuen taldearekin jarraitu, hortaz, erritmoa jaistea erabaki nuen, beste helburu batekin lasterketa amaitu ahal izateko, beti egin izan dudan moduan. Baina min gastrikoak etorri ziren, horri gehituz nituen sentsazio txarrak erritmoarekin jarraitzeko eta oraindik erdi maratoira ez nintzela heldu. Erabaki zuzena hartu dudala uste dut. Gelditzeak gorputzari min gehiago egiten ez jarraitzea esan nahi du".

32 urtetan ez du sekulan lasterketa batetik erretiratu behar izan, eta oraingoan gertatu izanak min eman dio. "Ez nuen uste sekulan iritsiko zenik eguna, baina iritsi da eta naturalitate handienarekin hartu behar da". Orain deskantsua hartzeko unea dela aitortu du, familiaren ondoan egotekoa. "Otsailean aita izango naiz bigarren aldiz. Hortaz deskatsatzea tokatzen da, familiarekin egotea. Gogotsu itzuliko naiz, betiko gogo eta indarrarekin".

Otsailean aita izango naiz bigarren aldiz. Hortaz deskatsatzea tokatzen da, familiarekin egotea.

Azkenik, ez zuen zuzenekoa amaitu nahi izan bere emazte Leire zoriondu gabe. Bere urtebetetzea izan zen atzo eta elkarrekin egon ez baziren ere, iluntzerako iritsi eta elkarrekin ospatzeko gogotsu agertu zen Iraitz Arrospide.

Atzo iluntzean Arrospidek grabatutako bideoa ikusgai:

 
 
 
 
 
View this post on Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

A post shared by Iraitz Arrospide Garro (@arrospide.iraitz)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!