'Cuando llueve demasiado' bigarren diska kaleratu du Sin Mala Intención taldeak

Aiurri 2021ko urt. 5a, 10:50

Spotify, YouTube eta beste plataforma digitaletan entzungai eta salgai dago diska. Laster aurkezpen-biraren lehen daten berri emango du Sin Mala Intención musika taldeak.

Lau urte pasa dira Sin Mala Intención talde gipuzkoarraren lehen diskoa, 'Esas cosas' (Rock CD Records, 2016), argitaratu zenetik. Kontzertuekin eta bideoklipak eginez bi urte igaro ondoren, eta pandemiak beharturiko atzerapenarekin, 'Cuando llueve demasiado' (Rock Izar Records, 2020) diska berria entzungai dago.

Taldearen bigarren lana Oiartzungo Lezoti estudioan grabatu da Gorka Lizaso taldearen abeslari eta konpositore eta Gorka Urra soinu teknikariaren ekoizpenarekin. Beñat Igerabide musikari eta teknikaria izan da nahasketen arduradun, lehen diskoaren ekoizlea ere izan zena.

Rock-autore eta pop-rock musika estiloekin eginiko 11 abestik osatzen dute lan berria, rock & roll, blues, country… ukituak dituelarik. Abestien oinarria Gorka Lizaso (ahotsa), Andoni García (gitarrak), María Soriazu (baxua) eta Ibai Ros (bateria) musikariek grabatu dute, eta, besteak beste, musikari hauen parte-hartzea izan dute: Luis Mª Moreno 'Pirata' saxofoi-jotzaile ezaguna, Fredi Pelaez teklatuetan, Les Fous ahots-taldea edo Maider Zabalegi kantautorea, bere ahotsa gehituz 'Zu zara' abestian, euskaraz eginiko diskoko abesti bakarrean. Gainera, Joaquin Sabinaren 'A la orilla de la chimenea' abestiaren bertsio bat dakar diskak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!