Pump Truck pista aurkeztu dute Otsabiko parkean

Aiurri 2021ko urt. 8a, 14:42

Herriko jendeak auzolanean egin du Pump Truck pista Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin. Helburua Pump Truck zirkuitu finkoa egitea da.

Errege egunaren bezperan erakutsi zuten Pump Truck pista, Otsabiko parkean kokatu dutena. Bertan izan ziren ideia aurrera eraman duen herritar taldea eta baita udal ordezkariak ere. Auzolanean aritu diren herritarrek azaldu dutenez, "Pump Truck inertzia eta bultzadaren bitartez bizikletan ibiltzeko lekua da. Leku segurua da eta adin guztientzako egokia ume txikienetatik hasita".

Mendiko bizikletarekin ibiltzeko instalazio edo leku seguruaren falta sumatzen zuten: "Futbol zelaiak, pilotalekuak eta beste kirol instalazioak dauden bezala, ez daude egokitutako bizikletentzako leku askorik". Hiru urte eta gero, proiektu finkoa gauzatu arte, behin-behineko zirkuitua osatu dute, lurrezkoa. Helburua asfaltozko Pump Truck zirkuitua egitea da, baina bitartean sortutako zirkuituarekin ikusiko dute zenbaterainoko erabilera izan dezakeen. Udalaren laguntzarekin, Peio Argaia makinista izan dute lagun lanak egiteko. "Izugarri erraztu digu lana. Luxua izan da berarekin kontatzea".

Beren afizioa da mendiko bizikleta, eta zirkuituarekin gune segurua eta naturan kokatua sortu nahi izan dute; modu horretan, gaztetxoenek bizikletarekin abilezia hartzen joateko. "Gazteek zirkuituan bizikletarekin ibiltzearen poderioz ikasten dute bizikleta ondo maneiatzen, dituen formengatik, errebueltengatik. Abilezia asko hartzen da. Bertan ikasitakoarekin mendira joatean, beste berme batekin zoaz".

Herriko zenbait gaztek Pump Truck zirkuituan erakustaldia eskaini zuten, tartean Xanet Herrera, Markel Zaldua eta Alain Gomez. Pump Truck zirkuitua gustura hartu dutela aitortu dute, aspaldidanik nahi zutela. "Barietatea du zirkuituak, eta saltoaren detailea izugarri gustatu zait", azaldu du Zalduak. Pistaren mantenuan lagunduko dutela esan dute gazteek.

Kontutan hartu beharreko gomendioak:

  • Kaskoa erabili, helduek nahiz adin txikikoek.
  • Adin txikikoak helduren baten laguntzarekin joan behar dira.
  • Zirkuitua lurrezkoa denez, bustian erabiltzea ez da komenigarria, irrist egin dezakeelako.
  • Noranzkoa mantendu behar da. Zirkuitua bi noranzkoetakoa bada ere, norbait noranzko batean badoa berdin jarraitu, elkar ez golpatzeko.
  • Ingurua errespetatu behar da. Ez utzi zaborrik bertan.

Pump Truck proiektua Amasa-Villabonako Udalaren prozesu parte-hartzailearen barnean sartuta dago. Covid-19a dela eta, udazkenera atzeratu da prozesu parte-hartzailea. Proiektua aurrera atera dadin, herritarrek bozkatu beharko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!