Gaurtik aurrera ezin da Villabonatik atera ezta sartu ere. Nola uste duzu eragingo duela neurri horrek zure negozioan?
Kanpotik jende asko etortzen da. Beti beldurrez egoten dira sartzerik ba ote duten galdetuz, eta horrek geldiarazi egiten die herritik ateratzeko erabakian. Herrikoek bai erosten dute, baina kanpotik etortzen direnak atzeratu egiten dira.
Telefonoaren bitartez jendeari arreta eskaintzen jarraituko duzu oraingoan ere?
Bai. Beti nago telefonoari adi. Bezeroek bilatzen ez duten edozein produktu behar izanez gero, agentzi bitartez bidaltzen diet. Lasai dei dezatela behar duten eskaria egiteko, eta hemendik etxeraino iritsiko zaie eskatutakoa.
Zein iritzi duzu gobernuak hartutako neurrien inguruan?
Oso neurri gogorrak direla, eta ez dutela ezertarako balio. Neurriak zorrotz bete behar dira eta ondorioz gastua handiagoa da: desinfektatzailea, musukoak... Bezeroa dendara ez bada etortzen, berak eskatutakoa etxeraino bidaltzeaz arduratu behar gara.
Nola ari da erantzuten jendea egungo egoeran?
Oso beldurtuta dago jendea. Iruditzen zaie txertoa dela irtenbidea. Batzuk lasaiago daude. Konziente dira elikadura zainduz gero eta kirol pixka bat eginez gero hobetoago daudela, eta arazo gutxiago eduki ditzaketela.
Beraz, aholku bila ere etortzen dira bezeroak.
Bai. Beren gorputza nola indartu eta hobeto nola sentiarazi jakiteko aholku eta produktu bila etorri dira asko.
Etxean egon behar izan ginen hilabeteetan, zenbait produktu agortu egin ziren, esaterako, legamia. Ohikoak ez ziren bezeroak ere etorri ziren. Geroztik beherakada nabaritu da ala herrian erosten jarraitzen dute?
Beheraka joan da. Etxean eguneko 24 orduak egon behar izanak, zerbait egin beharra ekarri zuen eta jendeak ogia, galletak edota bizkotxoak sukaldatu zituzten. Legamirik gabe geratu ginen. Orain jendea lasaiago atera daitekeenez kalera, ez dira horrenbeste kezkatzen. Badakite generoa ez dela faltako, eta ez dago horrenbesteko obsesiorik erosteko.
Berriro ere herritik atera ezinik egongo dira billabonatarrak. Berriro ere herrian erostera ekarriko du horrek.
Bai. Herritik ezin denez atera, denda txikiak ari gara lan pixka bat gehiaxeago egiten.
Amaitzeko, mezuren bat zabaldu nahiko zenuke?
Lasaitasuna. Lasai egoteko, dena pasatzen dela. Edozein zalantzetarako lasai deitu telefonoz 943 69 48 70 edo mugikorrera 606 00 71 07.