Azken egunetan Villabonan ezarri duten itxialdi perimetralak, nola uste duzu eragin dezakeela zure negozioan?
Nik pentsatzen dut izugarri eragingo digula, azken finean inguruko herrietakoak, hau da, Aiztondo bailarako herritarrak herrian ez sartzea derrigor antzemango dugun zerbait izango da. Ohitura handia izaten dute gurean erosketak egiteko eta iturri hori itxiz gero, dexente eragingo digu.
Tabernak ixteak, eragina du zuen negozioan?
Asko nabaritzen da. Azken finean, tabernak irekita egongo balira, jendea alde batetik bestera mugituko zen eta errazagoa izaten da jendea erosketak egitera sartzea. Hortaz tabernak itxita egoteak herriko komertzioei zuzenki eragiten die, jendea ez delako hain erraz etxetik ateratzen. Eta ez hori bakarrik, sekulako tristura nabaritzen da herrian eta baita jendearengan ere.
Gabonetan martxa hartzen ari zinetenean, berriz ere atzera pauso bat egon da. Zein iritzi duzu?
Hori da, aurtengo gabonak nire kasuan behintzat ez dira hain txarrak izan, uste baino hobeak izan dira. Ni denda bezala oso sentsatzio onarekin geratu naiz, jendeak erantzun ona izan du herrian eta esker oneko nago. Aitortu behar dut bonoen kanpaina oso lagungarria izan dela aurten eta horri esker, jendeak herrian kontsumitzeko ahalegin txiki bat egin duela esango nuke. Egia da aurtengo gabonetako erosketak aurreratu egin direla, bonoak aprobetxatu dituztelako eta gertatu zitekeenaren beldur.
2020. urtea txarra izan da, eta 2021. urteari buelta emango diogula uste duzu?
Oso zaila ikusten dut. Gainera esango nuke, 2021. urtea aurrekoa baino okerragoa ez ote den izango. Azkenean koronabirusa zerbait berria izan da guztiontzat, eta pasa den urtean laguntza ugari jasotzeak, aurre egiteko balio izan digu. Baina 2021. urtean ez dut uste jasotako laguntza horiek izango ditugunik eta hori, egunerokotasuneko kezka bihurtzen da; berriz itxiko gaituzte, nola egin aurre, zer gertatuko da...ezjakintasun batean gaude etengabe. Egoerari amaiera data bat ikusiko bagenio, beste modu batera eramango genukeela iruditzen zait.
Honek luze joz gero alternatibarik pentsatu duzu?
Bai noski. Bezero asko izan ditut egoeraz galdetu didatenak, pasa daitekeenaz arduratuta eta beldurtuta. Hortaz egoerara egokitzea besterik ez zaigu geratzen. Nik nire partetik bezeroei esan diet, zerbaiten beharrean sentitzen badira lasai esan dezatela eta etxeko zerbitzu hori egingo nukeela, inongo dudarik gabe. Horretarako eta edozein zalantza izan ezkero 627 658 940 mugikor zenbakira deitu dezakete.