"Gure eremu naturala aretoak dira"

Olatz Lasa 2021ko urt. 25a, 07:27

Gorka Lizaso musikaria azken lana eskuetan duela.

Gorka Lizaso Sin mala intención taldeko kidea da. Nahi baino ia urtebete beranduago, bigarren diska argitaratu dute: ‘Cuando llueve demasiado’ izenekoa. 20 kolaboratzaile inguruk hartu dute parte lan berrian.

Hamaika kantuz osatutako diskoa da, eta horietatik bakarra euskaraz. Nola egiten duzu hautu hori?

Proiektua gaztelaniaz da. Erraztasuna dut nire sentimenduak gaztelaniaz adierazteko. Nire buruari esan nion, bigarren diskotik aurrera saiatuko nintzela behintzat abesti bat euskaraz sortzen eta horrela izan da. 

‘Zu Zara’ du izena euskarazko kantuak, eta Maider Zabalegi duzu aldamenean kantatzen. Nola sortu da aukera? 

Lagunak gara orain dela urte batzuetatik. Berak ere estudio berean grabatu zuen teknikari berarekin, Gorka Urrarekin. Estudiora etortzen zen nola ari ginen grabatzen ikustera, eta oso era naturalean eman da aukera. Nirekin euskarazko kantua abestera animatuko ote zen galdetu nion, eta aurrera. 

Beñat Igerabide musikari adunarra izan duzu ondoan kantuen nahasketa-prozesuan.

Beñat nire kuadrillakoa da txikitatik, 14 urtetatik ezagutzen gara. Lagun mina da. Aurreneko diskoa berarekin grabatu nuen, bere Adunako Sonola estudioan. Gorka Urra bere gitarrista eta ekoizlea izanik, erabaki genuen bera aritzea ekoizle lanetan; eta, aldiz,  nahasketak egiten Beñat.

Itxialdian joan zara proiektuaren berri ematen, kantu berriak plazaratzen… Nola bizi izan duzu aldi hori? 

Antsietate horrekin. Diskoa grabatuta zegoen. Proiektua geldiaraztea kolpe gogorra izan zen. Musikari asko bezala, sare-sozialez baliatu gara zuzenekoak egiteko eta proiektuaren berri emateko. 

Aipatu ditugun kolaboratzaileez gain, beste hamaika izan dituzu aldamenean. Aipatzerik bai? 

20 musikari inguru izan dira. Zuzeneko musikariei dagokionez: Jabi Etxarri eta Iker Gutierrez gitarra jotzen, Maria Soriazu baxuan, Ibai Rose baterian eta Santi Romano teklatuan eta koroan. Bestalde, hainbatek grabatu dute diskoa:  Andoni Garziak gitarra (Modus Operandi-ko gitarrista eta Laurobarekin hainbat urtetan egon dena), Fredi Pelaezekteklatua, Les Fous taldeak ahotsa, Pirata Buenafuenteren bandako kide batek saxofoia, Beñat Igerabidek, Gorka Urretak eta Maider Zabalegik. Uste dut denak aipatu ditudala. 

Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna, eta noiz hasi zinen pentsatzen proiektua sortzea? 

Abestiak sortzen ditut 16-17 urte nituenetik. Argi nuen lehenago edo beranduago diskoa grabatuko nuela edo proiektua jarriko nuela martxan, baina beti gerorako uzten nuen.

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 575. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!