Establezimenduko hondakin organikoak bilduko dituen kanpaina berria martxan da

Aiurri 2021ko mai. 6a, 16:05

Tolosaldeko Mankomunitateak “%100 sailkatu eta konpost bihurtu” kanpaina abian jarri du.

Tolosako Mankomunitatea, hondakin organikoen bilketa bereiziaren apustuan, aurrera pausu handia ematekotan da. Pasa den maitzaren 4eko prentsaurrekoan Beatriz Unzue, Amasa-Villabonako alkateak eta Olatz Peon, Tolosako alkateak, abiarazi den kanpainaren berri eman zuten. Laguntza berezia eskainiko zaie Villabona eta Tolosako merkataritzari, ostalaritzari, ikastetxeei, zahar egoitzei, elkarte gastronomikoei... Zerbitzu hau, hondakin organikoa kopuru handietan sortzen duten 300 bat establezimenduei eskainiko zaie.

Gainontzeko udalerri batzuetan egiten den moduan, sistema honek erosotasuna eskainiko dio erabiltzaileari. Esan bezala, Mankomunitateak erabiltzaileen beharraren arabera, doanik banatuko ditu 40 edo 120 litroko kuboak eta baita dagozkien poltsa konpostagarriak ere. Astean hiru egunez, goizeko 9:30etan, bakoitzaren establezimenduko atarian jasoko zaie hondakina.

Pasa den maiatzaren 5ean martxan jarri den kanpaina honen bitartez, ahalik eta atxikimendu gehein jaso nahi da lau asteetan zehar. Horretarako, hezitzaile pare baten bisitak jasoko dituzte bi herrietako establezimenduek. Bisita horretan, triptiko bat banatuko da, non herri bakoitzerako bilketa egunak noiz izango diren azaltzen dituena. Horrez gain, organikora bota daitekeenaren informazioa eta hondakinak horrela biltzeak suposatzen dituen onurak azalduko dira. Era berean, mankomunitateko web orrian,  https://tolosaldekomankomunitatea.eus/ zalantzak argitzeko, eskaera egiteko eta informazio gehiago jasotzeko atala izango da prest. 

Mankomunitateak, organikoa behar bezala banatu eta biltzearekin gainera, birziklatzen ez den hondakin kopurua gutxitu nahi du, herriari mesede eginez.  Gure ingurumenean eta baita ekonomian izan ditzakeen abantailak aintzat hartuz.  

“Egun batez frutu azalak, kafe-hondarrak edo lore xorta zimelak izan zirenak, konpost moduan bueltatuko dizkiogu lurrari, produktuak ekoizteko behar dituen ongarri gisa. Ekonomia zirkularraren aldeko keinu errezenetako bat.” 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!