Villabonako Gaztelekuari buruzko hausnarketa prozesu parte hartzailea abiatu da

Aiurri 2021ko mai. 12a, 17:11

Hamar urte pasa dira Katea Etxea Gaztelekua martxan jarri zenetik, eta udalak gazteei zuzendutako zerbitzu publiko honen jarduera hobetu eta zabaldu nahi du. 

Gaztelekuaren kudeaketa garatzeko zerbitzu kontratua aurten amaituko da, eta hortaz, momentu egokia da orain arteko ibilbidea aztertzeko. Aurrerantzean zerbitzu hau hobetzeko prozesu bat jarriko da martxan eta honekin, gazteen iritzi eta beharrak zeintzuk diren identifikatu nahi dira, ondoren eskaintzen den zerbitzuari buruzko hausnarketa egiteko eta kontratu berrian aldaketak txertatzeko. 

Prozesua gidatuko duen lantaldea eratu da eta Aitziber Murua udaleko gazteria teknikaria, Amagoia Agirre hezkuntza zinegotzia, Gorka Kamio gazteria zinegotzia eta Maitane Bravo eta Garikoitz Iturbe gaztelekuko hezitzaileek osatzen dute lantalde hori.

Prozesu honek 2 fase izango ditu:

Lehenengo fasea: apirila-ekaina
Helburua Amasa-Villabonako ikastetxeetako 12-17 urte bitarteko nerabe eta gazteen beharrak eta nahiak identifikatzea.

Herriko ikastetxeekin lankidetzan garatuko da eta galdetegi eta dinamiken bidez nerabe guztien iritziak jasoko dira, bai gaztelekuko erabiltzaileak direnenak eta baita gaztelekuko jarduna ezagutzen ez dutenenak ere.

Bigarren fasea: iraila-abendua
9-11 urte bitarteko nerabeek (LH 4/5/6) dituzten beharrak identifikatzea ikastetxeekin elkarlanean: adinari egokituriko mugimenduzko dinamikak eta ahozko elkarrizketak erabiliko dira.

Gaztelekuarekin lan-harremana duten eragileetako (Kale Hezitzaileak eta Gizarte Zerbitzuak) profesionalekin lanketa: nerabeek izan ditzaketen gabezi edo beharren inguruko iritzi kualifikatuak jasoko dira.

Gurasoen parte hartzea: 9-17 urte bitartekoen gurasoen iritzi edo hausnarketak jasotzea, beraiek zein haien seme-alabek herriarekiko izan ditzaketen beharrak identifikatzeko.

Prozesu parte hartzaile hau amaitzen denean, lantaldeak bere ondorioak edo interpretazioak aterako ditu eta publikoki jakinaraziko ditu.

Udalaren helburua interesa dutenei entzunez eta iritziak kontuan hartuz, gazte eta nerabeei zuzendutako udal zerbitzu publiko hau hobetzea eta eraginkorragoa bilakatzea da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!