Ikerketa hau 2020ko urriaren 30a eta azaroaren 28a bitarten egindako inkesta baten bidez garatu da. Galdetegia osatzerako orduan, oinarri bezala hartu da Azpeitian 2018an Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruzak eginiko inkesta. Hori aintzat hartuz, Amasa-Villabonako landa lana egiteaz, Uxoa Elustondo Arzallus eta Ainara Ansa Irazusta arduratu dira. Azkiterreko teknikarien laguntza ezinbestekoa izan zaie, euskarri digitalean inkesten jarraipena jasotzeko eta datuak kontrolatuta eramateko.
Bertan hainbat eduki lantzen saiatu dira, esate baterako; komunikatzerakoan egoera ezberdinetan hitanoak duen erabilera aztertu da, hitanoa erabiltzeko aldaera ezberdinak ikertu dira, gaur egun herritarren artean hitanoari buruz dagoen pertzepzioa landu da eta baita, hitanoaren erabilera sustatzeko dituzten proposamenak ere jaso dira inkestan.
Hortaz, pasa den urteko azaroan herritarren artean galdetegia banatu eta uste baino erantzun hobea jaso zuten. Ikerketaren hasieran jarritako helburua, 360 herritarren erantzuna jasotzea zen, eta guztira 504 herritarrek bete zuten galdetegia. Udaberrian jaso dituzte emaitzak eta aste honetan bertan aurkeztu dituzte jendeaurrean. Galdetegi bidezko ikerketa kuantitatiboa izan da eta datuek erakutsi dute, Amasa-Villabonan euskararen erabilera eta ezagutza hori mantendu egin dela azken 30 urteetan, baina euskararen baitan hitanoak indarra galdu duela erregistro neutro edo zukaren mesedetan.
Inkestatuen artean, emakumezkoak (%51,8) pisu handiagoa izan dute gizonezkoak (%48,2) baino. Eta adinari erreparatuz, inesktatuen erdiek 45 urte baino gehiago dituzte (%50,8) eta beste ia erdiek 14 eta 45 urte artean (%49,2).
Inkestatuei zein hizkuntzetan hitz egiten sentitzen diren erosoen galdetuta, %93,9k adierazi dute euskaraz izaten dela. Inkestatuen %65 baino gehiagok aitortu du familia edo lagunartean baino ez dutela izan hitanoarekin kontaktua.
Amasa-Villabonan euskararen gaitasuna eta erabilera gutxi gorabehera mantendu egin da azken hamarkadetan. Azterketa honek erakutsi duen moduan, elebidunen artean hitanoaren erabilera bereziki, herritar helduen artean hitz egiten den erregistroa da eta, ez gazteena. Datuen arabera, 55 urtetik beherakoen artean, zuka da nagusitzen den erregistroa eta emakumezkoei zuzentzerako orduan zuka gehiago egiten da hika baino.
Hizkuntza bat erabilia izan dadin, beharrezkoa da hizkuntza ezagutu eta erabiltzen duen ingurune batean egotea. Hortaz, Amasan eta Villabonan oso datu ezberdinak ikus daitezke ikerketa osoan zehar. Hitanoaren ezagutza eta erabilera Amasan altuagoa da Villabonan baino. Amasarren artean hika bere egunerokoan entzuten dutenak %16,3 dira eta Villabonan ehuneko hori ia hiru aldiz txikiagoa da %6,3.
Ikasteko eta erabiltzeko gogoa
Amasa-Villabonan hitanoaren transmisioa eta erabilera behera badoa ere, hitanoari buruz duten jarrera aldekoa da. Inkestatuen hamarretik seiri (%60,8) hika gehiago hitz egitea gustatuko litzaieke. Kasu honetan, parekotasun handia dago emakumezkoen (%59,3) eta gizonezkoen artean (%62,4). Aldiz, adin-tartearen arabera aztertuta, hika gehiago erabili nahiko lukete 19 eta 35 urte bitartekoek (%79 inguruk) eta baita 36 eta 45 urte artekoek (%70ek), gainerako adin terteek baino.
Hitanoa ez erabiltzearen arrazoietako bat, hika hitz egiten ez jakitea edota ez menperatzea da, hau da, herritarren %37,3k. Beste arrazoia, ohiturak aldatzea nekeza egiten dela diote %33,9k.
Baina hala ere, maila diskurtsiboan hitanoa bultzatzeko nahia dago, herritarren hamarretik zazpik (%72k) bultzatzea merezi duela erantzun du. Proposamen nagusien artean, hitanoa belaunaldi berriei erakustea jaso da, eskolaren bidez edota familiaren bidez, adibidez.
Gaur egun, belaunaldi gazteagoek gutxiago erabiltzen baldin badute ere, konnotazio negatibo hori galtzen doala dirudi eta euskararen elementu gehigarri eta erregistro informala aberasteko tresna moduan ikusten da. Hitanoak bizirauteko erronka inoiz baino handiagoa den arren, norabide aldaketa horrek aukera berriak zabaltzen ditu.