"Pixkanaka postuak aurreratzen joan nintzen eta sentsazio onak bilatzen"

Sara Medrano 2021ko mai. 17a, 23:14

Bi urteren ondoren, Hassan Ait Chaou korrikalari billabonatarra itzuli da lasterketetara. Bart, Miranda de Ebron, Espainiako kopako mendi lasterketan izandako bizipenak kontatu dizkigu.

2019tik lasterketarik egin gabe, arraroa egingo zitzaizun agian. Zer nolako sentsazioa izan da itzulera hori?

2019. urtean egin nuen azken lasterketan, amaitu bezala gaizki sentitu nintzen. Bularrean, buruan eta tripan mina sentitzen nuen eta denboraldiari ezin izan nion bueltarik eman. Hainbat froga egin behar izan nituen eta hilabete pasatxo egon nintzen ondoezik. Orokorrean urte gogorra izan nuen eta gainera konfinamentua etorri zen. 

Lasterketak hasi zirenean, jaso nituen gonbidapen batzuk baina ni ez nintzen oraindik prest ikusten. Gainera egoera honetan, ez nintzen guztiz ausartzen lasterketetan parte hartzera. Nire ustez lasterketen xarma, karreraren aurretik eta ondoren jendearekin hitz egitea da, trago bat hartzea, jendearen berotasuna sentitzea, eta hori egoera honetan ezinezkoa da. Lasterketen giro hori guztiz aldatu da. Beraz, etenaldi bat egitea erabaki nuen guzti horretaz pixka bat deskonektatu eta familiarekin tarte batez disfrutatzeko. Ondo etorri zait geldialdi hau.

Espainiako kopa honen lehen lasterketa apirilean ospatu zen Sevillan. Selekziotik jaso nuen gonbidapena eta ezezkoa esan nuen, baina kopako bigarren lasterketa hau Miranda de Ebron izanda, parte hartzea erabaki nuen. Gogotsu sentitzen nintzen.

Geldialdi luze honetan, nola prestatu duzu zure burua?

Egia esan ez naiz askorik prestatu lasterketarako eta ez dut entrenamendu formalik egin. Nahiz eta denbora honetan gutxi ibili, egia da ez naizela geldirik egon; familiarekin asteburuetan paseatu, mendia, bizikleta… Eta lasterketa honetan hori nahi nuen, lehen kontaktua eduki. Ea nire gorputzak nola erantzungo zuen eta zer nolako sentsazioak izango nituen ikusi nahi nuen. 

Nik adibidez, entrenatzerakoan ez dut helburu finko bat jartzen, ni gorputzak eskatzen didanari erantzuten joaten naiz, sentsazioaren arabera. Ez naiz pultsometroarekin ibiltzen eta nire gorputzak ez badit behar bezala erantzuten ez dut behartzen. Egun txarrak denak izaten ditugu eta ez da ezer pasatzen egun horretan ez badut entrenatzen.

Nolakoa izan da lasterketa?

Hasieran xuabe xuabe hasi nintzen, lehenengo bost kilometroak kontrolatuz joan nintzen, baina gerora ikusi nuen gorputza ondo erantzuten ari zitzaidala, eta aurrera. Hori ikusi bezala, pixkanaka postuak aurreratzen joan nintzen eta sentsazio onak bilatzen. 

35 kilometro ziren guztira eta 1.650 metro positiboko desnibela. Gu hemen ohituak gaude lasterketa menditsuak egiten eta hangoa aldiz, hasiera eta amaiera nahiko lauak ziren. Bidezidorrak harriz josiak zeuden eta kontu handiz ibili behar zen, baina orokorrean oso lasterketa polita da eta ez da hain gogorra izan. 

Beste proba jakinik ba al duzu buruan?

Oraintxe ziur esateko, ez dakit. Oraingoz, Espainiako kopan jarraitu eta ondoren Munduko kopako lasterketaren batean parte hartzea gustatuko litzaidake. Asko gustatzen zait, Tolosako 3 Tontorrak eta aurten ekainaren 13an da eguna, aukera paregabea izango litzateke. Etxetik gertu dagoen karrera bat da eta ezagun asko topatzen dituzu, bai animatzen eta baita lasterketan ere, gustura egiten dut eta gustu handiz hartuko nuke parte.

Datorren asteburuan esaterako, Villabonako Triatloi taldean nagoenez Aritzalekuko Triatloiean hartuko dut parte, taldeka. Duatloi bat egiteko gogoa nuen aspalditik, baina triatloi hau taldean egiteko aukera etorri zitzaidan eta gustura egingo dut. Ez dut inoiz egin, eta probatzera noa, azken finean kirola egitea da kontua eta lagun artean disfrutatzea.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!