“Bizimolde txarra da gurea, baina pasioak irabazten du”

Amasa-Villabonako argazki-estudioko patxadan, eta ziklismo lasterketek ematen dioten bizitasuna tartekatzen ditu Karlis Medrano argazkilariak. Laster lau hamarkada osatuko ditu, klik eta klik eginez.

Txirrindularitza gustuko baduzu, ziur Karlis Medranoren sinadura ikusiko zenuela argazkiren batean (Amasa-Villabona, 60 urte). Eta Beterri edo Tolosaldeakoa bazara ere bai, Tolosan eta Villabonan argazki estudioak izan baititu Karlisek. Ia 40 urte daramatza ofizioan ezkontzak, jaunartzeak, estudioko argazkiak… eta motor gainera igo eta txirrindularitza lasterketak osatuz. Ez daki zenbat argazki egin dituen: “milioiak”. Lasterketa egun batean, 3.000 argazki bai. Lau hamarkadako jardunak pasadizo bitxi ugari oparitu dizkio, Aiurriko irakurleekin partekatu ditu batzuk.

Nola hasi zinen argazkilari jardunean? 

Autodidakta izan nintzen. Handitzaile edo zabaltzaile bat oparitu zidaten, hari negatibo bat sartu, errebelatzailea, baÒo de paro likidoa nola eta noiz erabili… Horrela hasi nintzen, jakin-minagatik. Zenbat argazki beltzean… Horrela ikasi nuen negatiboei argia sartzen bazitzaien gero ezin zirela errebelatu. Hasiera hartan karrozeria galdaragintza enpresa batean ari nintzen, gauza ez zihoan ondoegi, eta enpresa nork utzi nahi zuen galdetu ziguten. Ni izan nintzen haietako bat. Pixkanaka argazkilaritza munduan sartzen joan nintzen.

Zein komunikabidetan egin zenuen lana? 

80ko hamarkada hasieran ordezkapenak egiten hasi nintzen, batez ere Egin-en, eta txirrindularitza aldizkariren batean, Ciclismo a Fondo, batez ere. Garai gogorrak ziren haiek. Nik hogei urte nituen, ez zegoen sakelakorik, gu lokalizatzeko halako tramankulu bat erabiltzen genuen ("busca" esaten dio, gaztelaniaz). Deitzen zizuten gaueko ordu txikietan, hilotz hau agertu de hemen, joan zaitez, GAL ere bete-betean zebilen… 

Garai hartako pasadizo ugari izango dituzu gogoan, ezta?

Bai noski. Nik Dyane dos caballos hori bat neukan, eta halako autoa ez da berehalakoan ahazten. Zer esanik ez Poliziak: ‘badator txori horia”, esaten zuten, eta lehen gauza, argazki kamerako pelikula kentzea zen, bestela Poliziak aterako zuelako, eta argazki guztiak galdu. 24 orduak egon behar zenuen adi, eta halako bizitzarik ez nuela nahi erabaki nuen. 

Txirrindularitza argazkiekin zentratu zinen arte.

Bai, 80. hamarkada bukaera zen. Ciclismo a Fondo aldizkariak lana ziurtatu zidan, nire lana egiteko modua gustatzen zitzaielako. Nire kabuz egiten nituen argazkiak bidaltzen nizkien, eta Euskal Bizikleta, afizionatuetako probak, Espainiako Vuelta eta beste egiten hasi nintzen. Donostiako Bersan estudioan ere aritu nintzen lanean, eta Tolosan argazki estudio bat ireki nuen. Azken lau urtetan Billabonan aritu naiz, estudio batean. Ezkontza, lehen jaunartze eta familia ospakizun piloa egin dut.

Eta zer nahiago duzu? Estudioko argazkiak, edo han eta hemen motor gainean ibiltzea?

Argazkilaria naiz, eta eskatzen didatena egiten dut. Txirrindularitza argazkietan ere estudio edo barruko argazki mordoa egin izan dut hainbat talderekin, aurkezpenak, batez ere. Ziklismoa asko gustatzen zait, zergatik ukatu, baina estudioan haurrekin aritzea oso gustuko dut.

Argazkilariek sarri esaten baitute ezkontzak aspergarri samarrak ote diren…

60 urterekin dagoeneko, zer esango dizut. Pixka bat bai. Urte batzuk atzera politak ziren. Orain tontakeria asko dago, bezeroak hau eta horrela nahi dut eskatuz etortzen dira. Iraganean askatasun gehiago zeneukan, orain dena da zurrunagoa. Estudioa edo txirrindularitza aukeratzera behartuko baninduzu, noski, ziklismoa hautatuko nuke, mundu asko ezagutu dudalako.

Zenbat txirrindularitza proba egin ote dituzu hiru hamarkadetan?

Lan ederra jarri didazu… Vueltak, osorik, 15, eta aste bat edo Vuelta erdiak, denera 20 baino gehiago. Itzuliak eta Euskal Bizikletak mordo bat, Tourrean aste batean 10 bat urte, Pirinioetan ere askotan… 

Gustukoen izan zaren txokoa?

Herbehereak. Leku ederra.

Eta egin ez duzun proba edo lekuren bat?

Italiako Giroa. Ez dut egin, baina esperantza badut, oraindik, bertaratzeko. Maiatzean lanez lepo ibiltzen naiz ezkontzekin eta beste, eta agenda nahikoa betea daukat. Diru polita da, eta Giroa garai txarrean korritzen da niretzat. Joango naiz, noski, erretiratu aurretik.

Zer moduz argazkilarien artean, ondo moldatzen zarete?

Nik bereziki Graham Watson-ekin izan dut harremana, ziur aski txirrindularitza munduko argazkilari ezagunena. Argazkiak partekatu izan ditugu betidanik, berak lasterketaren batera joan ezin zuenean. Harro sentitzen naiz, deitzen bazidan lana txukun egiten nuelako zelako. Kalis, esaten zidan, errerik gabe. Erretiratu zen urte batzuk atzera, bospasei urte. Espainia bikain ezagutzen du, eta berarekin lana egiten nuenean beti esaten zidan: ‘jar zaitez hemen edo han, gaztelu hau, mendi hau…’ argazkilari aparta izan da Graham.

Lanak idiliko samarra dirudi, baina lasterketak ia hilabetez jarraitzea oso nekosoa da.

Bai, bizimolde txarra da gurea. Hoteletik hotelera, traslado luzeak, janariak eta hainbestean, goizean goizetik eguzkia gorde arte lana ezin bukatu… Gustatu egin behar zaizu bai edo bai, eta nik pasio handia daukat. 

Karlisek esklusiban atera zuen argazkia L'equipe kirol egunkariak erosi zuen. Tenerifen aterata dago, Contador eta Armstrong lehen aldiz elkartu zirenean. ©Karlis

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 582. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!