“Gure elkarteetako bizitza berreskuratzeko garaia dela deritzogu”

Aiurri 2021ko mai. 27a, 11:32

Elkarte gastronomikoak irekitzeko Gipuzkoako deialdiarekin bat egin dute Irrintzi elkarteak edota Behar Zana Elkarteak. Udalari babesa eskatu diote.

“Gure elkarteak ere toki seguruak izan dira eta izaten jarraituko dute”, adierazi dute gutunean. Gipuzkoako hainbat elkartek irekiera gauzatzeko eskaera egin diote Eusko Jaurlaritzari. Amasa-Villabonako elkarteek Udalari babesa ematea eskatu diote.

Gutuna:

Bizi dugun pandemia egoera honek guztion bizitza hankaz gora jarri du, baita Amasa-Villabonako elkarte gastronomiko guztiena ere. Badira sei hilabete gure elkarteetako ateak itxi behar izan genituela. Sei hilabete herritarrok ezin izan duguna gure elkarteetan bildu, sei hilabete hain kuttunak ditugun gure txokoetako bizitza itxi genuena. Egoerak hala eskatzen zuen eta ezinbestekoa zela ulertu genuen.

Gaur egun ordea, egoerak hobera egin duen honetan, gure elkarteetako bizitza berreskuratzeko garaia badela deritzogu. Herriko elkarteen egoerak ezberdinak izanik ere, guztiok gure ateak irekitzea beharrezkoa dugu. Egoerari egokituta noski, beharrezkoak diren neurri eta protokoloak jarraituta. Arduraz jokatu dugu orain arte eta arduraz jokatzen jarraituko dugu. Gure elkarteak ere toki seguruak izan dira eta izaten jarraituko dute.

Amasa-Villabonako Irrintzi Elkarteak, Behar Zana Elkarteak,….. bat egiten dugu Gipuzkoako hainbat elkarteek Eusko Jaurlaritzari elkarteak irekitzeko luzatu dien eskaerarekin.

Lerro hauen bidez Amasa-Villabonako udalari Eusko Jaurlaritza edota dagokion erakundeen aurrean gure eskaera babestu dezan eskatzen diogu, Amasa-Villabonak elkarteetako bizitza berreskuratzea beharrezkoa baitu.

Gure ateak laister irekiko ditugulakoan agurtzen gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!