Errebote partida izan da goizaldean 75.urteurrena ospatzeko

Behar Zana Pilota Elkarteak 75. urteurrena du aurtengoa. Goizaldean, Errebote partida ospatu dute Oiartzungo Txost Pilota Kirol Klubaren aurka. 

75 urte ez dira egunero betetzen eta festa behar den bezala ezin denez ospatu, egoera hobea izan arte itxaron beharko dute bazkide, pilotari eta herritarrek. 

Hala ere, egoerara egokituz ekintza xume batzuk antolatu dituzte. Atzo goizaldean, pilotari txikienekin pilota saioak izan ziren eta gaur aldiz, goizeko 11:00ak inguruan hasi da nagusien mailako lagun arteko partida.

Etxeko taldean, Karrera, Luixa, Otaegi, Iraola eta Azpiroz(Zubieta) aritu dira. Txost taldean berriz, Azpiroz, Zumalde, Susperregi, Nazabal eta Zabalak jokatu dute. 

Gutxigatik izan bada ere, herrikoek ezin izan dute garaipena lortu, 10-11ko markagailuarekin amaitu da partida. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!