Amasako Hikan jaso zuen Lizarraldek 111 Akademia Saria

Ohi bezala, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak saio dotorea antolatu zuen. Pello Lizarraldek berak jaso zuen saria, eta adierazpen laburrean eskertza adierazi zien epaimahaikideei eta irakurleei. Paisaia ederraz inguraturik, hitza eta doinua nagusitu ziren dozenaka lagun elkartu zituen ekitaldian.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Hizkuntza Politikarako Sailburuak, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak osatu zuten ordezkaritza instituzionala. Ane Jalon Zatarainentzat Larramendi Bazkuneko lehendakari gisa parte hartu zuen lehen ekitaldia izan zen. Eta harekin batera Bazkunako zuzendaritza berriko hainbat kide hurbildu ziren. Besteak beste, Joxin Azkue, Mila Iztueta, Aitor Amutxastegi, Arantxa Urkizu, Rosa Elosegi edota orain gutxi arte lehendakari lanetan aritu zen Ariane Obineta.

Ekitaldian sartuta, Ane Jalonek aurkezpena egin eta gero, Jon Unanuek merezimenduak irakurri zituen. Unanuek berak eta Garazi Kamiok liburuaren pasarte batzuk irakurri zituzten Don Inorrez taldearen doinupean. Imanol Ubeda eta taldeekideena izan zen sari banaketa ekitaldiko soinu banda. Hiru kantu eskaini zituzten, hirurak Pello Lizarraldek idatzitakoak. Antolatzaileek oso kontutan hartu zuten idazlearen eta musika taldearen arteko sintonia ona.

Euskal Herri osotik hurbildutako akademiakideekin batera Jose Ignacio Agorreta margolaria eta Lizarralderen eleberrien azalen egilea, Patxi Larrion idazlea eta Imanol Rayo zinema zuzendaria egon ziren gonbidatuen artean. "Argiantza" eleberria argitara eman zuen Erein argitaletxearen izenean, Inazio Mujika Iraola eta Iñaki Aldekoa hurbildu ziren Amasako ekitaldira.

Amasa utzi aurretik, bertaratutako gehienek Roberto Ruiz chef-ak antolatutako zizka-mizkaz gozatzeko aukera izan zuten. Giro ederrean amaitu zen ekitaldia, mahastien artean, eguzkia ezkutatu zen arte.

Ekitaldiaren erreportajea datorren Aiurri hamaboskarian irakurri ahal izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!