Villabonako udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Elkartasun Sarearekin

Irune Alfonso 2021ko uzt. 1a, 16:39

Atzo eguerdian, Elkartasun Sarean elkartean lanean aritu diren ordezkari batzuk udaletxean izan ziren eta Beatriz Unzue alkatearekin  hitzarmena ofizialki sinatu zuten.

Hitzarmen honekin, Udalak 4.000 euroko laguntza emango dio Amasa-Villabonako Elkartasun Sareari. Elkarte honek pobrezia egoeran edo bazterketa sozialaren arriskuan dauden herritarrei oinarrizko beharrak asetzen laguntzen jarraitzeko balioko du. 

Pandemia erdian, 2020an sortutako boluntario talde honek hainbat ekimen solidario antolatu ditu azken hilabeteetan, hala nola; behar larria duten herritarrei eta familiei elikagaiak eta premiazko produktuak banatzeko bilketa herrikoiak, elikagai bankuaren antolaketa eta asteroko elikagai banaketak, arropa, eskolako materiala edota jostailuen bilketak eta banaketak...

Lan guzti hau udaleko Gizarte Zerbitzuen saileko teknikariekin elkarlanean garatu da eta horrela jarraitzeko asmoa dute.

Gainera, Elkartasun sareak "ZU-BI" izeneko dinamika berria jarri nahi du martxan, pobrezia egoeran bizi diren haurrek, Amasa-Villabonako aisialdi, kirol edo kultur elkarteetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Askotan arrazoi ekonomikoak, tarteko; herriko hainbat haurrek ez dute aukerarik izaten aisialdi, kirol edo kultura elkarteetan aritzeko edo matrikula (eta beste gastu batzuk) ordaintzeko. Horrek haurren bazterketa arriskua handitzen du, beraz, dinamika solidario berri honekin, egoera horiek gertatzea ekidin nahi da herriko elkarteekin elkarlanean. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!