Bizikleta garbitu eta konpontzeko gunea Otsabin

Irune Alfonso 2021ko uzt. 1a, 18:23

Herritarrek txirrindularitza geroz eta gehiago praktikatzen dutenez, bizikleta-zaleek egindako eskaerari so egin eta, Udalak Otsabiko gunea egokitu du bizikletak garbitu eta oinarrizko konponketak egiteko. 

 

Otsabiko parkean, Pump Track pistaren ondoan, kokatu dute eta dagoeneko erabilgarri dago herritarrentzat.
Gauzak horrela, espazio berri honetan bizikletak heltzeko bi euskarri eta ur presio handiko mangeraz gain, bizikletak konpontzeko gunean honako erramintak edo tresnak egongo dira erabiltzaileen eskura: 
Bihurkina (laua eta izarra)
Torx giltzen sorta (9 / 10 / 15 / 20 / 25 / 27 / 30 / 40)
Allen giltzen sorta (2 / 2,5 / 3 / 4 / 5 / 6 / 8 mm)
Giltza finkoa (8x10 eta 13x15)
Giltza zabalgarria
Desmuntagarriak
Puzgailua

 

 Xabat Laborde alkateordeak espazio berri honen zaintza eta erabilera egokiaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: “guztion ardura da gunea behar bezala zaintzea eta honi erabilera egokia ematea". Beraz, Udalak gunea errespetatzeko eskatu du, eta gogorarazi nahi izan du garbitokiaren sarreran zehaztuta daudela gunearen erabilera arauak:

Debekatuta dago kotxeak eta motoak garbitzea.
Xaboirik ez erabili.
Joan aurretik txorrota itxi eta gunea txukun utzi.
Bizikleten garbitoki hau goizeko 08:00etatik iluntzeko 21:00ak arte egongo da irekita erabili nahi duenarentzat.

Azpimarratzekoa da, berrerabilitako materialekin sortutako gunea dela, eta zerbitzu berri honen etxola eraikitzeko, eta honek beharrezko hornidura izan dezan, brigadako langileek Udalak lehendik zituen baliabideak eta materialak berrerabili dituztela. Aldiz, inguruko errotulazioa eta kartelak Rótulos Vicente S.L. enpresarekin egin dira, eta 3.460,60 euro bideratu dira lan horietara. Bestetik, bizikletak konpontzeko gunea On Bizi enpresaren bidez egin da, eta 1.801,69 euroko kostua izan du. Horrela, guztira, 5.262,29 euroko inbertsioa egin du Udalak bizikletak garbitzeko eta konpontzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!