Julen Zelarainekin solasean, datorren asteko epaiketaren atarian

Xabier Lasa 2021ko uzt. 8a, 16:59

Nagore Arin kazetariaren eta Julen Zelarainen arteko solasaldia egin zen Gurea zineman atzo, Auzitegi Nazionalean uztailaren 12an hastekoa den epaiketa dela-eta. Kazetariaren galderei erantzunez, villabonatarrak Grande Marlaska epaileak aginduta guardia zibilek egindako operazioan eta ondorengo instrukzioan bere ustez gertatutako giza eskubideen urraketa ugariak deskribatu zituen.

 

Solasaldi osoa ikusteko aukera:

Guardia zibilak 2010eko apirilean euskal presoen abokatuen aurkako sarekada burutu ostean etorri den 13/13 sumarioan inplikatu dute Zelarain. Zortzi pertsona dira auzi berean auzipetuak, hain zuzen: Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi. Presoengan eragiteko ETAren aginduak jaso izana leporatzen zaie auzipetuei, eta 77 urteko kartzela zigorra da fiskaltzaren eskaera guztira.

Datorren larunbatean, epaiketaren aurkako mobilizazioak egingo dira Donostian eta Bilbon, 12.00etan.

 

Torturatuak

Zelarainek 2010ko apirileko polizia-operazioan gertatutako hainbat irregulartasun azaldu zituen, lehenbizikoz.

“Abokatuen bulegoen erregistroetan, abokatuen kolegioko dekanoa edo bere ordezkariak egon behar dute, abokatuen agiriak babesteko asmoz. Bada, ez zuten halakorik errespetatu, eta idazkari judizialik gabe egin zituzten miaketak”.

Atxiloketen historian inoiz gertatu ez den detaile bat ere aipatu zuen Zelarainek, Gurea zinemako entzuleei guardia zibilen zenbait dokumentu azaltzearekin batera. “Etxeetan egindako erregistroetako batean dokumentu bat ahaztuta utzi zuten.  Operazioari buruzko hainbat xehetasun kontatzen dituzte bertan, bost eguneko inkomunikazio egoeran atxilotuekin nola jokatu behar duten, eta abar. Eta une batean, aipatzen dute lau abokatuei tratu “eskisitoa” eman behar zaiela, eta besteekin, berriz, akusazioekin bat egingo duten adierazpenak lortzea dela helburua. Denok dakigu herri honetan, zer esan nahi duen horrek. Bada, tortura basatiak jasan zituzten atxilotu batzuek. Zentzuzko estatu batean hautsak harrotuko lituzketen salaketak egin zituzten atxilotu horiek ondoren, baina Estatu Espainiarrean ez zen ezer gertatu”.

Atxilotuek jasandako tratuen atal horrekin jarraituz, Julen Zelarainek Saio Agirreren testigantzaren audioa entzuteko jarri zuen, Gureako ekitaldian. “Bortxaketa basatiak jasan zituen bost egunez”. Agirrek bere testigantza Zornotzako Mugimendu Feministarekin elkarlanean eman zuen argitara, Gu ere Saioarekin lelopean.

Hain zuzen, egunotan, 2010eko apirileko beste atxilotuetako bat den Naia Zuriarrainek ere bere testigantza pertsonala zabaldu du sareetan, youtuben. Zuriarranek, Agirreren antzera, guardia zibilen eskuetan bost egunetan jasandako tortura eta abusu sexualak salatzen ditu. Gogorarazi behar da operazio hartako lau atxilotuen testigantzak Pako Etxeberria forentseak zuzendutako txostenean bilduta daudela.

Zelarainek Tortura pean egindako deklarazioetan oinarrituta makina bat euskal herritar kondenatu izan dituztela adierazi zuen, eta aldi berean, estatuko botereen inplikazioa salatu zuen. “Askotan, egoera horretan egindako adierazpenak bilakatzen dira froga nagusi auzietan, sinesgarritasuna ematen zaie tortura pean lortutako testigantza edo autoinkulpazio horiei. Garbia da estatu oso baten inplikazioa, torturaren kontuan. Botere exekutiboak eta judizialak atxiloketak agintzen dituztelako edo poliziei babesa ematen dielako, eta baita ere legislatiboa, ahalbidetzen dituzten legeak egiten dituelako. Iraganarekiko autokritika egiteko eskatzen duten horiek ezer gutxi esaten dute milaka euskal herritarrek egoera horretatik pasa izan direnean; beste aldera begiratu edo babesa eman die egoera hori probokatu dutenei”.

Bestalde, Zelarainek adierazi zuenez, CNIk egindako entzuketa ilegalak ditu oinarrian 2010eko polizia operazioak. “Ondoren, sumarioa egiteko orduan, Gomez Bermudez instrukzio epaileak zerbitzu sekretuei agiriak desklasifikatzeko eskatu zizkien behin eta berriro. Milaka zirela ziurtatu zuen CNIk, baina azkenean, orri bakar batzuk baizik ez zizkion eman epaileari. Eta gainera, orri horietan hainbat hitz eta esaldi ezabatuta ageri dira, eta azkenean, ez dute frogarik aurkezten”.

 

Bi aldiz epaitzea, kausa beragatik

Irregulartasunen zerrendan, berari eta beste hiru auzipetuei gertatzen zaiena ere kontatu zuen Zelarainek Gurea zineman. Hots, kasu beragatik pertsona berbera bigarren aldiz ezin dela epaitu dion printzipioa (Non bis in idem) urratu zaiela, alegia.

Dena da ETA doktrinari jarraituz, beste kausa batengatik 2008an epaitua izan nintzen, eta hamar urte kartzelan egin nituen, 2015ean atera nintzen arte. Bada, 2014an lotu ninduten 13/13 sumariorekin, ez 2010ean; artean, ez ninduten inputatu, ez deklaraziorik hartu. Era horretan, Huelvan nengoela, aislamendu moduluan jakinarazi zidaten inplikatuta nengoela kausa berri horretan, berriz ere ETAko kidea omen nintzelako. Gauzak horrela, kontraesana nabarmena da, ze hamar urtetan espetxe politika berezia pairatu nuen gainerako presoen antzera, lehen gradua aplikatu zidaten banda armatuko arriskuko preso gisa, eta dena zen murrizketa eta komunikazioen interbentzioa. Hots, ETAko kide izaten jarraitzen nuela zioten. Baina zer da eta, oraingo 13/13 sumarioan adierazten dute eten egin zela ETAko kide izate hori kartzelan nengoen bitartean!”.

 

Testuinguru jakinean kokatutako operazioa

2010eko polizia-sarekada eta irekitako sumarioa XX. mendeko lehen urtetako testuinguru sozio-politiko berezian kokatu behar direla ohartarazi zuen Zelarainek. “Alde batetik, presoekiko elkartasun mugimenduen kriminalizazioari ekin zioten, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren eta Askatasunaren aurka hain zuzen, presoen babesgabetasunean sakontzen joateko asmotan. Bestetik, 2010ean urtean ezker abertzalea eztabaida prozesuan zegoen murgilduta estrategia aldaketaren inguruan, eta hori guztia zango-trabatzeko polizia-operazioak jarri ziren martxan”.

Azkenik, epaiketarekin, jokoan auzipetuen etorkizuna ez ezik gauza gehiago daudela ziurtatu zuen Zelarainek: “iraganeko eszenatokiekin segi nahi duten estatuko sektore politiko, polizial, judizial edo mediatikoen interesak daude epaiketaren atzean, eta horiei adierazi behar zaie ez duela zentzurik salbuespenezko tribunalak egotea eta beraiek epaitzea, ezta presoen etorkizuna erabakitzea edota Euskal Herriaren agenda politikoa markatzea”.

 

Itxaropen handiegirik ez

Nagore Arin kazetariak Julen Zelaraini galdetu zion ea zer espero duen uztailaren 12an egingo den epaiketarekin. Erantzuna ez zen oso itxaropentsua izan, egia esatera. “Auzitegi Nazionala ez da inoiz inpartziala izan. Tribunal de Orden Publico-a zen Francoren garaian, eta beti izan da estatuaren aginduetara dagoen tresna berbera, euskal herritarren aurka egin duen salbuespenezko tresna. Kezkaz goaz epaiketara, inpresioa daukagulako markatuta dagoela gidoia, eta hori ez dela absoluzioa. Ikuspuntu mediatikotik oso markatuta datorkigu epaiketa, auzipetutako baten inguruan liburuak ere idatzi dira… Batzuetan iritzi publikoei begira idazten dira sententziak, frogetan oinarrituta baino gehiago…”.

Auzipetuak fiskaltzarekin akordioren batera iristeko prest ote dauden ere galdetu zion Arinek Zelarani. “Bai, jakina, baina hasieratik jaso dugun sentsazioa da ez duela hartarako asmorik. Are gehiago, azken aldian abokatuekin biltzeko gogorik ere ez du azaldu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!