Eraso matxisten aurkako kanpaina abiatu du mugimendu feministak eta Udalak

Irune Alfonso 2021ko uzt. 21a, 13:07

Udalak eraso matxisten aurkako kanpaina abiatu du mugimendi feminsitarekin batera. Lugatz eta Akain talde feministako kideek euren adostasuna adierazi dute. Bestetik, Itziar Gartzia; gizarte zerbitzutako teknikariak,  elkarlana eta partaidetza oso garrantzitsua dela azpimarratu du. 

 

Hona hemen irakurri duten agiria: 

Agerraldi publiko honen bidez, Amasa-Villabonako Udalak, indarkeria matxistaren aurka martxan jarriko duen kanpainaren berri eman nahi dugu.

Amasa-Villabonako Udalak emakumeen kontrako era guztietako jokabide eta eraso matxisten aurka duen konpromiso irmoari eutsiz, uda garaia momentu egokia iruditu zaigu komunikazio kanpaina zabal bat garatzeko eta matxismoak gure herrian ez duela lekurik aldarrikatzeko.

Izan ere, jokabide, irain, eraso eta erailketa matxistek ez dute etenik, eta zoritxarrez gero eta oihartzun handiagoa ematen zaion eskuin muturraren mezuek, matxismoaren aurrean gizartearen pasibotasuna bilatzen dute. Ez dute lortuko.

Gogorarazi nahi dugu 2021ean 4 erailketa matxista izan direla Euskal Herrian, beraz, matxismoak hiltzen jarraitzen duela, eta hau ikuspuntu guztietatik onartezina dela. 

Matxismoa gure gizartetik desagerrarazi behar dugun gaitza da eta norabide horretan ezinbestekoa da erakunde publikoek eta mugimendu feminista antolatuak indarrak batzea eta elkarlanean aritzea. Matxismoaren aurrean eta matxismoa ahalbideratzen duen gizarte egitura zaharkituen aurrean, ezinbestekoa da erakundeek benetako politika feministak martxan jartzea eta herri mugimendu feministak kaleetan eta behar den leku guztietan borroka sozial indartsua garatzea.

Zentzu horretan, kanpaina hau udalaren ekimenetik sortu bada ere, hasieratik Lurgatz eta Akain herriko talde feministen babesa eta konplizitatea bilatu ditugu, bestela marketing hutsean geratzeko arriskua izango luke eta. 

Ekimen honekin, finean, argi erakutsi edo ikustarazi nahi dugu Amasa-Villabonan emakumeen kontrako era guztietako jokabideek eta eraso matxistek ez dutela inongo lekurik. Herri gisa, ez dugula inolako ulermen edo tolerantziarik izango matxismoaren aurrean. 

Horretarako, honako ekintza zehatzak garatuko ditugu bihartik aurrera:

- "Ez zaude bakarrik, indarkeria matxista salatu!" Gida Praktikoaren zabalpena

Emakume batek indarkeria matxista pairatuko balu (edo beste emakume batek pairatzen duenaren susmoa badu) zer egin edo nola jokatu dezakeen, eta egoera horri aurre egiteko zein baliabide dituen jasotzen duen eskuorri bat argitaratu du Udalak. 

Indarkeria matxistaren zantzuak identifikatzeko argibideak, non eta nola salatu, momentu bakoitzean nola jokatu eta laguntza jasotzeko zein bitarteko dauden (telefonoak, helbideak...) jasotzen da gida praktiko honetan. Udalak herriko etxe guztietara banatuko du aste honetan. 

- "Hemen ez dugu eraso matxistarik onartzen" mezua duen itsasgarria establezimenduetan

Udalak Amasa-Villabonan herritarrei zabalik dauden establezimendu guztietara gutun bat bidaliko du. Gutun horretan, kanpaina honen arrazoiak, helburuak eta nondik norakoak azaltzen dituen dokumentu bat eta itsasgarri edo pegatina bat jasoko dute. Establezimenduetako arduradunei kanpaina honekin bat eginez, itsasgarria leku ikusgarri batean (erakusleihoan, atean...) ezartzeko gonbidapena egingo zaie.

- "Amasa-Villabona eraso matxisten aurka" seinalea ezarriko da errepideetako sarbideetan

Euskal herri osoko udal ugarik egin duten bezala, Villabonak errepideetatik dituen bi sarbide nagusietan trafiko seinale hauek ezarriko dira, gure herrira sartzen den edonork argi izan dezan hemen matxismoak ez duela lekurik.

- "Amasa-Villabonan ez dugu eraso matxistarik onartzen!" leloa duten pankartak

Udalak honako hiru pankarta ezarriko ditu Villabonako herri-gunean dauden farola edo argi-posteetan: Erreboteko plazan, Kale Berrian eta Larrea auzoan. 

 

Besterik ez, etorkizunean horrelako kanpainarik egin beharko ez den gizarte bat eraiki nahi dugu eta honakoa, helburu hori lortzeko lagungarria izango den kanpaina xume bat izatea nahi genuke.

Eraso matxisten aurkako kanpainaren aurkezpena

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!