Arduraz jokatzea eskatu dute Santio ez jaietan

Irune Alfonso 2021ko uzt. 23a, 17:21

Udalak, santio jairik ez dela egongo gogorarazi du, eta ezartzen diren betebeharrak onartu eta errespetatzea eskatu dute. Bestetik, Onddo gazte asanbladak ekintzak antolatu ditu Santio ez jaietarako, eta, hauek ere, neurriak jarraitu eta errespetatzeko ardura eskatu dute euren sare sozialetan. 

Udalak zabaldu duen oharrean honela mintzo dira Santio ez jaien inguruan: 

"Lehenik eta behin, herritarrei gogorarazi nahi diegu pasa den otsailaren 24an egindako bilkuran, Covid-19aren pandemiaren ondorioz, bigarren urtez, Villabonako Santio Jai Batzordeak 2021eko jai egitaraurik ez prestatzea eta festak bertan behera uztea erabaki zuela aho batez."

Covid-19aren inguruko datuak ere gogoratu dituzte:

"Billabonatar guztiok maite ditugun herriko jaiak bertan behera uztea, erabaki mingarria da dudarik gabe, baina bizi dugun egoerak ez du beste irtenbiderik uzten. Gainera, guztiok dakigu azken asteetan birusaren intzidentzia izugarri handitu dela eta egun asko daramatzagu eremu gorrian. Gaur bertan, Amasa-Villabonan dugun Covid-19aren intzidentzia-tasa metatua 1.030,9koa da, zifra oso kezkagarria, kasu positiboek ez dute etenik eta ospitaleratzeak ere gora doaz."

Erantzukizunari eutsi eta ez erlaxatzeko eskatu du udalak, "nekatuak eta aspertuak" egon arren "txantxetarako" egoera ez dela eta arduraz jokatzeko deia eginez. 

Bestetik, Onddo gazte asanbladak ekintzak antolatu ditu, beti ere, ardura eskatuz eta neurriak errespetatzen. 

Alde batetik, uztailak 24ean txupinazoa antolatu dute, goizeko 12:00tan Onddo plazan. 

Eta bestetik, uztailak 26ean goizeko 11:00tan ur olinpiadak izango dira gaztetxean. Gainera, arratsaldeko 19:00tan herria girotzeko, Distopia elektro txarangaren kontzertua izango da, Errebote plazan edo ikastolan, (eguraldiaren arabera). 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!