Gazte bat atxilotu zuten desordena publikoa egotzita, bart Villabonan

Aiurri 2021ko uzt. 25a, 13:20

Larunbat gaua tentsioz eta liskarrez beteta igaro da Villabonan. 

Gauerdian Errebote plazan jendetza batuta zegoen, eta Ertzaintzaren lehen agerpenean, 2:00ak aldera, gehiengoa urruntzea lortu bazuten ere, gerora berriro festazalez bete zen plaza. Gauak aurrera egin ahala, (goizaldeko 3:00ak inguru) Ertzaintzaren presentzia handitu egin zen eta tentsio uneak sortu ziren; Errebote plazan eta Kale Nagusian zeuden pertsonak objektuak botatzen aritu ziren. Herriko hainbat puntutan, edukiontziak  errepidean gurutzatu eta horietako batzuk erre egin zituzten. Hori dela eta, suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten. Ertzaintzak bere web orrian zabaldu duen informazioaren arabera; goizaldeko bostak aldera, istilu horietan parte hartu zuen 20 urteko mutil bat atxilotu zuten, desordena publikoa egotzita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!