“Herriari gure aletxoa jartzeko aukera ematen digu Beertoki jaialdiak”

Irune Alfonso 2021ko urr. 3a, 09:00

Jon Ander Artola eta Eneko Calvo Beertoki kultur eta gastronomia elkarteko kideak dira.

Amasa-Villabonako lau lagunek osatzen dute Beertoki kultur eta gastronomia elkartea: Jon Ander Artola (1993 Villabona), Eneko Calvo (1986 Villabona), Igor Fernandez (1991 Villabona) eta Aitor Otegi (1987 Alkiza). Urtebetean, Beertoki Fest ez da antolatu eta antolatzaileak gogotsu daude.

Zer da zuentzako Beertoki?

Jon Ander Artola: Lagun taldea da hasteko, Beertoki sortu zenean horrela hasi zen. Gu lauok lagunak ginen. Egia da ezagutzen ginela, baina, ez ginen oso gertukoak. Bakoitza bere kuadrillakoa da, eta, jada, sei urte daramatzagu elkarrekin. Orain, lagun baino gehiago familia gara; astero elkartzen gara elkartean eta momentu asko bizitzen ditugu. 

Eneko Calvo: Ekintzak antolatzeaz gain,  irteerak egiten ditugu, bazkariak egiten ditugu, astero biltzen gara... Ez da bakarrik antolatzeko geratzen garela. Herriari gure aletxoa jartzeko aukera da, askotariko ekintzak egiteko. Beertoki sortzearen helburuetako bat hori zen, herri mugimendua sortzea eta antolatzea. 

Aipatu alderdirik ederrena eta zailena. 

E.C.: Ederrena; laguntasuna eta Beertokirekin zer ikusirik ez duten gauzez hitz egitea. Bestetik; ideia pila ditugu, baina horiek guztiak betetzeak konpromiso handia eskatzen du. 

J.A.A.: Zailena, konpromisoa. Konstantzia mantentzea zaila da. Konpromiso puntua edo betebeharra izatea: zailena hori da. Momentu hori iritsi zenean horrela izan behar ez zuela erabaki genuen, guk disfrutazeko izan behar zuela adostu genuen. Pare bat urtetan hilabetero ekintzak egiten genituen, eta azkenean, nekatzera iritsi ginen, gehiegi zen. 

Zer eragin du zuengano urtebetean Beertokiko ekintzarik ez egiteak?

J.A.A.: Pandemiaren eraginez geldirik egon gara, baina, guk elkartzen jarraitu dugu. Mugitzen egon gara, garagardoa kontsumitzen jarraitu dugu, eta ondo etorri zaigu geldialdia. Azoka ez egitea guretzat  lasaitasuna izan da. Data horietan izugarrizko ekintza pila zeuden eta, geldialdi hori ez zitzaigun batere gaizki etorri. 

"Beertoki etxean" ekimena egin zenuten. Nolako harrera izan zuen?

E.C.: Lagunen arteko ekimena izan zen. Bideoak bidaltzeko eskaera egin zen eta jendeak bidalitako bideoekin muntaia egin genuen. Gertuko jendeak parte hartu zuen gehienbat. Etxe ondoko bizilagunen proposamena guretzat oso berezia izan zen. 

J.A.A.: Bai, Etxeondo auzokoena izan zen bereziena. Bertako bizilagunek bideoa bidali ziguten auzoko balkoietan Beertokiko basoekin eta garagardoarekin topa eginez, eta oso berezia eta polita izan zen. Beertoki, azkenean, gu lauon aurpegia da, halabaina, atzetik jende mordoak laguntzen digu, eta bideoan agertzen den jendea da. Gainera, horrelako bideo batean, bakoitzak bere mezua botatzea babes moduan izugarria da. 

Beraz, herriaren babesa sentitu duzue…

J.A.A.: Bai, asko, zentzu guztietan. Gertukoen aldetik, eta baita ez hain gertukoen aldetik ere. Villabonatik aterata, kanpoko jendearen artean azokak arrakasta handia izan zuen.  

E.C.: Herrian edozein motako publikoak parte hartu du,  eta horri gehitu behar zaio  kanpotik etorri den garagardo zalea eta garagardo artisaua gustatzen zaion jendea. Kontuan hartu behar dugu, garagardogileek ere gertutasun handiarekin parte hartu dutela. 

Pandemian ikusi da ostalaritzak arrakala handia izan duela. Nola bizi izan duzue zuek hori?

E.C.: Tabernarik edo etxerik itxi duten kasurik ez dugu ezagutu. Produkzioa jaitsiko zen, ziur. Hala ere, oso lan ona egin dute batzuk etxera bidaltzen eta egoerara moldatzen, aktibo egon dira. 

J.A.A.: Txikiagoak direnak eta lehenagotik zailtasunak dituzten horientzat gogorra izango zen. Garagardoa egiten duzunean, gehienbat tabernetan saltzen duzu, eta tabernak itxita badaude, zaila da. Etxeetara saltzeko aukera izango duzu, baina ez da berdina, kantitate aldetik ez da berdina izango, ziur nago gaizki pasako zutela. 

Eskualdean Beertokik bere indarra hartu zuen...

E.C.: Helburuetako bat zen Villabonan garagardo artisauaren kultura sartzea eta nik uste dut hori lortu dugula. Tabernetara joaten zara eta garagardo artisaua dago.  

J.A.A.: Guri ikusten gaituztenean garagardo artisauarekin lotzen gaituzte, eta Kelerrarekin ikusten zaituztenean zertan ari zaren galdetzen dizute. Nolabaiteko lotura egin dute, eta herriari zure aletxoa jarri diozula jakitea eskertzekoa da. 

Aurten BeertokiFest berezia egingo dezue. Zein nolako aldaketak izango ditu?

J.A.A.: Oraingoz, bi Beertoki Fest egin ditugu, beraz, honako hau hirugarrena izango da. 

Jende kopuru aldetik, erantzun ona izan genuen, hala ere, gerturatzen den horrek musika entzutea lortu nahi dugu, hori da Beertoki Festeko gure nahia. Izan ere, musika entzutera etortzen zen jendea zegoen, baina, bestetik, parranda bakarrik nahi zutenak ere etortzen ziren. Honen helburua musikaz gozatzea da, garagardoarekin, baina musikaz gozatzea. Horregatik jarri ditugu sarrerak salgai, ordaintzen duzunean interes batek egon behar duelako atzean. 

E.C.: Eserita izango da, edukiera mugatuarekin, eta lehenengo aldiz jarri dugu sarrera jarri dugula. Aurtengoa musika zaleei begira dago gehiago; herriari begira, baina gehienbat herriko musika zaleei. 

Kulturari bide berriak irekitzeko sortu den gunea da Beertoki Fest. ©Beertoki Fest

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 590. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!