Zaindu maite duzun hori

Irune Alfonso 2021ko urr. 2a, 07:18
Hitzaldia entzutera gerturatu zirenen artean beren burua zaintzeko “laguntza eta atseden” tailerrean parte hartzeko taldea osatu dute.

Askotan helarazten diogu ondoan dugun lagunari norbere burua maitatu eta babestu behar duen mezua. Sare sozialak horrelako mezuez gainezka izaten dira, uneoro irakurri eta entzun genitzazke, baina, jarri gara inoiz benetan zaintzaren garrantziaz hausnartzen? 

"Zaintzaileari begirada bat" lelopean, zaintzailearen zaintzaren gaineko hitzaldia izan zen hilaren 14an, Subijana etxean. Saioa Garmendiaren eskutik, besoak zabalik jaso zituen Amasa-Villabonako lagunak; zaintzaren arloan lanean diharduten ama, senar, alaba, iloba, langile profesional zein ez profesionalentzat.  Zaintza lana, etxe barruan egiten dena da. Geroz eta jende eta familia gehiago dago lan honetan buru-belarri diharduena.

Ohikoa denez, zaintza lanaz arduratzen diren gehiengoa emakumeak dira; familiako kideak izan ala profesionalki lan egiten dutenak.

Argi ikusi zen hitzaldiaren egunean ere, gerturatutako gehienak, emakumeak ziren.

Lan handia eta neketsua izanik, zaintzailek beren zaintza propioa alde batera uzten dute arduratu behar duten pertsonarengatik. Lan hori egiten dutenen pertsonen artean, askotariko egoerak bizi dira; maitasunagatik, diruagatik, obligazioagatik, etikagatik lan egiten dutenak… Nolanahi ere, kasu guztietan, zaintzailearen bizi kalitatea beharrezkoa izaten da “mendekoa” den eta zaindu behar den pertsona horren ongizateak aurrera jarrai dezan. Saioa Garmendia hizlariak azaldu zuenez ”garrantzia handia du zaintzaileek beren burua babestea, hirugarren pertsona baten bizi kalitateaz eta ongizateaz arduratzen ari bazara, zaintzaileak berak ongi egon behar du”.

Saioa Garmendia astigartarrak 20 urte baino gehiago daramatza zaintzaile lanetan. Bizitza pribatuan zein profesionalean aritu da beti besteen bizi-kalitateaz arduratzen. Duela hiru urte tesina egin zuen: etxeko gaixo terminalaren zaintzailearen beharraren gainekoa eta lan horri esker ikusi zuen langile horien errealitatea eta bizimodua nolakoa den. Lan horren ondorioz, erabaki zuen bere esku zegoena egitea, pertsona horien bizi kalitatea eta egoera hobetzeko. 

Zaintzailea

Mendekotasuna duen pertsona baten behar fisiko eta psikologikoei erantzuten dien pertsona da, sarritan profesionala ez dena. Kasu horietan, jagole nagusi bat izaten da beti, eta pertsona hori izaten da guztiaz arduratzen dena. Gehienetan, gertuko senide bat izaten da, hasieran aipatu bezala emakumeak dira nagusiki; Garmendiak emandako datuen arabera, 10etik 8 emakumeak izaten dira; “egoera pixkanaka aldatzen doa eta gizonak ere zaintza arloan gehiago ikusten dira, baina, zaintzaren rola emakumeei esleitzen zaienez, oraindik gehiengoa emakumea da” aipatu du Garmendiak. 

Jagoleak funtzio asko ditu betetzeko, horregatik, ohikoa izaten da gainkarga edukitzea eta estres egoera batean egotea. Gainkarga eta estres horren ondorioz, aldaketak ematen dira langile horien bizitzetan, adibide bat jartze arren; denbora soziala galtzen da, lagunekin egoteko denbora edo gustuko jardueraren bat egiteko aukera galtzen da, eta faktore horiek isolamendura eramaten dute. 

Begiraleak bakarrik sentitzen dira, eta bakardade horrek depresioak eragiten ditu, batzuetan depresio arinak izan daitezke, baina, beste kasu batzuetan larriagoak izaten dira.

Azkenean, zaintzailea “ezkutuko paziente” bihurtzen da. Nork bere burua babesteko denborarik ez du; beren buruaz ahazten dira, eta hori dela eta, zaintzaile gehienak ezkutuko paziente bihurtzen direla azaldu du hizlariak. Pertsona horien arazoen oinarrian arazo animikoak daude eta nagusienak; tristura, haserrea, nekea eta suminkortasuna izaten dira besteak beste. Gainera, begirale hauek izaten duten beste arazo bat zalantza eta ziurgabetasunarena izaten da, hala nola,  gaixotasunaren garapena nolakoa izango den, ingurukoen bizitza zein izango den...

 

Artikulu osorik, Aiurri hamaboskariaren 590. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!