"Gaur egungo Itziar helduagoa da zentzu guztietan"

Itziar Gastearenak hirugarren urtea egingo du talde gasteiztarrean. ©Alaves futbol taldea

Itziar Gastearena Alaves futbol taldeko jokalaria da eta urteak daramatza eliteko futbolean lehiatzen. 28 urterekin, hainbat euskal talde igaro ditu eta, egun, Alavesen jokatzen du, defentsa gisa. 

Zer da futbola zuretzat?

Gaur egun aldatu egin da nire futbola bizitzeko modua eta ilusioa. Gaztea nintzenean, futbola ilusio handiagoarekin bizitzen nuen, baina, orain, ezberdina da; hau da, esperientzidun jokalaria naiz eta iturri horretatik edaten dut. Hala ere, pasio handiarekin jokatzen duen futbolaria naiz eta, egunero, kirolaz gozatzen saiatzen naiz. 

Nolakoa izan da azken urtetako bilakaera futbolean?

Denbora luzez Errealen jokatzen aritu nintzen, eta, ondoren, Eibar taldera lekualdatu nintzen, alegia, lehen mailatik nazionalera jaitsi nintzen. Beheranzko jauzi handia izan zen. Hala ere, lan handia egin ostean, Reto Iberdrola mailara igotzea lortu genuen eta Eibarren urtebete eginda Alavesera joan nintzen; talde arabarrean bi urtez lehia bizian aritu ginen eta, zorionez, berriro ere, Iberdrola ligara igoera garrantzitsua eskuratu genuen. Aurtengoa nire hirugarren urtea da Alavesen eta, zorionez, maila gorenean lehiatzen jarraituko dut. 

Oso gazte hasi zinen maila altuan jokatzen. Horrelako ibilbide luzea izatea espero al zenuen?

Egia esan, ez nuen uste Tolosatik harago joango nintzenik ere. Gaztetan, Tolosan jokatzen nuen eta Errealetik deitu nindutenean izugarri poztu nintzen. Ez nuen espero. Egin dudan ibilbidea oparoa eta ona izan da, eta gaztetan ezin duzu pentsatu hori guztia egingo duzunik. Euskal talde handietan jokatzeko ohorea eduki dut, hori ezin du edonork esan. 

Zaila da eliteko mailari eustea?

Fisikoki gorputza aldatu egiten da. Duela urte batzuk txispa gehiagorekin jokatzen zenuela sumatzen duzu, baina urteekin beste gauza batzuk lortu ditut, esaterako, esperientzia eta jokoarekiko beste ikuspegi bat. Orain, askoz ere esperientzia gehiago dudala iruditzen zait, eta, zentzu horretan, taldea aberasten dudala uste dut. 

Zein da futbolariagoa, 20 urteko Itziar ala gaur egungoa?

Nire ustez, aurtengo Itziar hobekiago moldatzen da zelaian; izan ere, urte hauetako guztietako eskarmentua daukat, entrenatzailea ugari eduki ditut eta iturri askotatik edan dut. Azken urteetako balioak jaso ditut barnean. Aurtengo Itziar helduagoa da zentzu guztietan. 

Orain arte Euskal Herriko taldeetan jokatu duzu futbolean. Aukera emango balizute, kanpora joango al zinateke?

Ez dut asko pentsatu gai horretan. Urtean urtekoa lantzen saiatzen naiz, hots, ez naiz denboraldi erdian datorren urteari begira jartzen den horietakoa. Esanak esan, aukera edukiko banu kanpora joango nintzateke, beste talde eta lurralde batzuk ezagutu. Hala ere, esan beharra daukat, oso gustura nagoela talde honetan. 

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 589. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!