Hilaren 4an habiatuko da kontsumo bonoen kanpaina berria Amasa-Villabonan

Irune Alfonso 2021ko ira. 30a, 15:49

Udaleko eta Oria merkatari elkarteko hainbat ordezkarik Amasa-Villabonako III. kontsumo bonoen kanpaina aurkeztu dute. Astelehenean, urriaren 4an, jarriko da martxan, eta abenduaren 11ra arte luzatuko da. Bonoak, aldiz, urriaren 29ra arte erosi ahalko dira. 

Amasa-Villabonako Udalak herriko merkataritza sustatzeko apustu irmoa egiten jarraituko duela adierazi du, Beatriz Unzue alkateak aipatu duenez"Herriko denda eta saltokiei esker Amasa-Villabonako kaleak bizirik diraute, eta aurrerantzean ere, horrela mantentzea du helburu."

 Udalak egoera zaila bizi duen merkataritza sektorea biziberritzen segi nahi du eta horretarako, 60.000 euroko hitzarmena sinatu du Oria merkatari elkartearekin Horrela, 16.200 bono jarriko dira salgai, eta 47 saltoki edo establezimendutan erabili ahalko dira.

Oraingoan bonoek aldaketa izango dute, izan ere, bono bakoitzak establezimendu konkretu  baten izena izango du, beraz, erosleak aurrez aukeratu beharko du zein establezimendutako bonoak eskuratu nahi dituen. Bono bakoitzak 10 euroko balioa izango du. Gainera, bonoak hirunaka erosi beharko dira, eta gehienez ere, 9 eskuratu daitezke. Beraz, pertsona bakoitzak 3, 6 edo 9 bono erosi ditzake. Erosle bakoitzak erabakiko du guztiak denda batean, bitan edo hirutan erabili nahi dituen, baina, denda bakoitzean gutxienez hiru erabili beharko dira. 

Guztira, %33ko dirulaguntza jasoko du bono bakoitzean. Herritarrak 20 eurorekin 3 erosketa bono lortuko ditu, hau da, 30 euro. 40 eurorekin 6 erosketa bono jaso ditu, guztira, 60 euro. Eta, aldiz, 60 eurorekin, 90 euro jasoko ditu, 10 euroko 9 bono. Horrela, Villabonako Udalak erosketa bono bakoitza %33an lagunduko du diruz.

Salmenta puntuari dagokionez, Kanpaina honetako kontsumo bonoak udaletxe azpialdean egongo dira salgai, Udal liburutegiaren ondoan dagoen balio anitzeko gelan. Urriaren 4an zabalduko ditu ateak eta urriaren 29ra arte egongo da zabalik goiz eta arratsaldez, 09:00 – 13:00 eta 17:00 – 19:00 ordutegian.

Kanpaina honetako Kontsumo Bonoak eskuratzeko baldintzak hauek izango dira: 

 

  • Amasa-Villabonan erroldatutako 16 urtetik gorakoek bakarrik erosi ditzakete.

 

  • Bonoak abenduaren 11ra arte erabili daitezke saltokietan. Egun horretatik aurrera ez dute inolako baliorik izango.

 

  • Bonoa erabiltzeko, erosketak gutxienez 10 euroko balioa izango du. Kopuru horretara iristen ez bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko.

 

  • Bonoak ez dira inongo kasutan eskudiruagatik trukatuko.

 

  • Bonoak erostera etortzerakoan txartela erabiltzea eskatzen diegu herritarrei, horrela kudeaketa errazagoa izango baita guretzat.

 

Udalak herriko saltokietako bonoak erostera animatu nahi ditu amasa-billabonatarrak, eta horrela merkataritza sektoreari bultzada bat eman "Kanpaina hau amaitzean ere, ez ahaztu herrian bertan erosteaz, Amasa-Villabonan denetik daukagu eta!" herria bizirik mantentzea guztien esku dagoela aipatu du alkateak. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!