11 proiektu herritarren parte hartze prozesuan

Aiurri 2021ko urr. 13a, 11:46

Amasa-Villabonako herritaren parte hartze prozesuan 11 proiektuk egingo dute aurrera. Gaur batzorde bereziko kideak; Beatriz Unzue alkatea, Xabat Laborde alkateordea, eta Patxi Agirre EAJ-PNV udal taldeko ordezkaria elkartu dira honen berri emateko. 

Herritarren parte hartze prozesua bertan behera geratu zen 2020.urtean Covid-19a dela eta. Aurten, prozesua berriro martxan jartzea erabaki da eta garapenerako EMUN kooperatibaren aholkularitza zerbitzuak erabiliko dira.

Udalak 400.000 euroko aurrekontua zein inbertsio gauzatzera bideratuko ditu eta horretarako 16 urtetik gorako herritarrek erabakiak hartzen parte hartuko dute. Herri galdeketaren emaitza loteslea izango da, eta hautatutako proiektua edo proiektuak 2022. urtean gauzatuko dira. 

Proiektuei dagokienez, hasiera batean 18 proiektu aurkeztu ziren udalean. 18 proposamenak aztertu eta bakoitzaren gaineko txosten teknikoa osatu zen.

Txosten tekniko guztiak aztertu ondoren, uztailaren 28ko bilkuran Herritarren Parte Hartze Batzorde Berezian 3 proposamen onartzea erabaki zen, eta ondorioz zuzenean herri galdeketara eraman ziren. Aldi berean, arrazoi tekniko ezberdinak direla medio, 7 proposamen baztertu ziren; eta beste 8 proposamenei dokumentazio osagarria aurkezteko aukera ematea adostu zen irailaren 15erako epearen barruan. 

 Berriro ere guztia ondo aztertu ondoren, 8 proposamenak ontzat eman, eta herri galdeketara eramatea erabaki du Herritarren Parte Hartze Batzorde Bereziak. Erabaki hori ere alderdi politiko guztien arteko adostasunarekin. Ondorioz, guztira, 11 proiektuk parte hartuko dute azaroan egingo den herri galdeketan. Honako hauek dira:

  1. Parke bio-osasungarria Kale Nagusiaren hasierako pasealekuan.

  2. Txermin auzoko 19, 21, 23, 25 zenbakien atzealdeko kalea (Zubimusu Ikastolaren alboko kalea) oinezkoentzat jartzea.

  3. Txermingo aparkalekua eraberritzea eta inguruaren urbanizazioa.

  4. Erreboteko plazaren arkupeetan eta bere inguruan panel berriak jartzea (Errebotearen historiari buruzkoak).

  5. Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea eta padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzea.

  6. Maiatzaren lehena plaza ondoko haur-parkea estaltzea.

  7. "Bike park" edo bizikletan aritzeko gune zabala sortzea Otsabin.

  8. Etxeondo auzoko plazaren zoladura konpontzea.

  9. Parke megalitikoa egitea Komizarko naturgunean.

  10. Skate park-a Olaederra Kiroldegiaren inguruan.

  11. Kalistenia parkea jartzea Otsabiko parkearen alboan.

Aldizkari informatiboa argitaratu eta herriko etxe guztietara banatuko du Udalak hilabete amaierarako, bertan, proiektuen informazio zehatza eta xehetasunak azalduko dira. Erabakia herri galdeketa bitarteaz izango da azaroa amaieran. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!