Euskararen ordenantzaren 30.urteurrena

Aiurri 2021ko aza. 8a, 11:21

30 urte bete dira 1991ko Udalbatzak euskararen erabilera normalizatzeko udal ordenantza onartu zuenetik. Igande honetan ekitaldi xumea egin dute euskara zinegotzi izan direnak eta euskara eragileak omentzeko. 

Duela 30 urte, zehatzak izateko, 1991ko azaroaren 7an, Udalbatzak pausu garrantzitsua eman zuen; alde batetik, udala bera erakunde publiko gisa euskalduntzeko, eta bestalde, herria euskalduntzeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko.

Azpimarratzekoa da, euskara bultzatzeko araudi aho batez onartu zela eta gaur egun oraindik, indarrean egoten eta baliagarria izaten jarraitzen duela, neurri ausartak hartu zirelako. Horregatik, Udalak eskertu egin du 1991ko udalbatzak egindako lana eta ausardia, eta, Xabier Zabalari aipamen berezia egin diote egindako lan guztiagatik. 

Adibide gisa, Ordenantzak bere artikuluetan jasotzen dituen hainbat neurri aipagarri:

  • "Udalean eta bere menpe dauden Erakundeetan lehendik kontratatuta lanean ari diren enplegatuek beren eguneroko lana, euskaraz egiteko gai izan behar dute eta gai ez direnak gaitu egingo dira, horretarako beharrezkoak diren ikastaroak eginez."

  • "Kontutan izanik organu guztien helburua euskara lan-hizkuntza bihurtzea dela... Udalak neurriak hartuko ditu aurrerantzean Organu informatibo, Gobernu Batzorde eta Osoko Bilkuren akta, txosten, gai-zerrenda, proposamen, aurrekontu, akordio eta gainerako jakinerazpen oro euskaraz idaz daitezen"

  • "Erakunde Ofizialetatik nahiz Administrazio Publikoetatik jasotzen den dokumentazioa euskaraz ez balego, itzuli egingo da jatorrizko lekura, atzera berriz euskaraz idatzita bidal dezaten eskatuz"

Gainera, udala euskalduntzeaz gain, Amasa-Villabona herria euskalduntzen ere lan handia egin da eta buru-belarri lanean aritu diren euskararen aldeko elkarte, talde, eragile eta norbanako guztiei egindako lana aitortu eta eskertu zaie.

Gaur Amasa-Villabonan bizi direnen ia %80a euskalduna da, euskara hitz egin eta ulertzeko gai da, beraz, 1991tik asko hazi da euskararen ezagutza eta erabilera. Hego Euskal Herriko beste 90 herrirekin batera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) dago Amasa-Villabona eta euskararen arnasgunea dela  esan daiteke. Udala oso pozik agertu da, baina hala ere, lanean jarraitzeko konpromisoa erakutsi eta aipatu du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!