2022ko aurrekontuen Udal gobernuaren balorazio positiboa

Aiurri 2021ko abe. 14a, 11:58

Pasa den azaroaren 30ean izandako udalbatzan onartutako 2022ko udal aurrekontuen inguruan "pozik" agertu da udala, eta 2022ko erronkei "gogoz eta indarrez beteta" helduko dietela adierazi dute.

 

Lehen aldiz, udal aurrekontuak 7 milioi euroko langa gaindituko du  diru sarreretan izandako %3ko hazkundea dela eta. Beatziz Unzue alkatearen hitzetan "Honek aukera eman digu hainbat sailetako gastu maila igotzeko eta inbertsio gehiago egiteko, murrizketa aipagarririk egin gabe."

Gizarte zerbitzuen aurrekontua handitzen ari dira urztez urte; 2022an inoizko aurrekonturik handiena izango du "herritarren ongizaterako ezinbestekoa den sail honek, zehazki 638.349 eurorekin. 2021arekin alderatuta Gizarte Zerbitzuen saileko aurrekontuak %8,49ko igoera izango du. Besteak beste, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan eta Prebentzio Programetan igoera nabarmenak izan dira. Azpimarratzekoa da sail hau indartzeko egin dugun ahalegin berezia, izan ere, 2019. urteko aurrekontuarekin alderatuta, Gizarte Zerbitzuetako aurrekontua %36an handitu dugu." adierazi du alkateak. 

Gainera, berdintasunean edo politika feministan ere, %10eko igoera aipagarria izango dugu datorren urteko aurrekontuan. "Besteak beste, Indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo berria osatzea, jaietan eraso matxistak gerta ez daitezen neurriak hartzea eta berdintasunaren aldeko sentsibilizazio kanpainak burutzea izango dira 2022an garatuko diren ekimenak, eta guzti hau herriko talde feministekin elkarlanean eta adostasunez garatu nahi dugu. Udal gobernu honek berdintasunarekin duen konpromisoa erakusten duen beste datu esanguratsu bat jarri nahi genuke mahai gainean: 2019arekin alderatuta (EAJ-PNV gobernuan zela), berdintasunera aldeko aurrekontua %891ean handitu da, 3.500 eurotik 30.900 eurora."

Tokian tokiko merkataritzaren garrantzia eta hau sustatu eta suspertzea duen garrantzia azpimarratu dute"helburu honetarako aurrekontua ere biderkatu egin dugu. 2022an guztira 93.000 euro bideratuko dira herriko merkataritza sektorea bultzatzera, 2019an baino %1162,5 gehiago."

Ingurumena eta Mendietan, Euskaran, Kulturan, Gazterian, Kirolean, Udaltzaingoan eta Zerbitzu Orokorretan aurrekontua mantendu edo "zertxobait" igo  da.
"Deigarria da Gazteria sailean %48ko igoera izango dela, batipat Gaztelekuaren funtzionamenduan aplikatuko diren hobekuntzengatik eta Kirol sailean %14ko igoera izango dela Eskola Kirolean burutuko den erregularizazio prozesua dela eta."

Alkatetzaren gastuetan jaitsiera nabarmena izango da: "2022an %4ko jaitsiera izango da udal gobernuaren gastuetan. Murrizketa nabarmenenak bulegoko materialean (-%80), protokolo gastuetan (-%50), bilera eta hitzaldietan (-%50), alkatetzako dietetan (-%50) eta alderdi politikoen ekarpenean (-%12,5) aplikatu dira. Aipagarria da 2019tik 2022ra, Udal Gobernuaren gastua %30,6an jaitsi dela, alkatearen soldataren murrizketa kontuan hartu gabe."

Hirigintza eta Hezkuntza sailetan ere beherakada nabarmenak egongo dira, baina hauek arrazoi tekniko hutsak direla onartu dute: "Hirigintzan, azken urteetan egindako inbertsioei esker, beherakada aipagarriak izango dira herri argiterian eta argindar gastuetan. Hezkuntzari dagokionez 2021ean Covid-19ari aurre egiteko egin behar izan diren garbiketa eta desinfekzio lanak aurreztuko dira, eta horrek eragin du aurrekontuaren jaitsiera."

Herriko elkarteei, eragileei eta herritarrei bideratutako dirulaguntzek ere igoera nabarmena izango dute, aurrekontua %4,85ean handitu baita, 2021arekin alderatuta. Guztira, 731.004,47 eurokoa izango da, azken urteetako handiena.

Hirigintza eta zerbitzuak:

  • Olaederra kiroldegiko kantxaren birmoldaketa: 115.000 euro
  • Espaloiak eta asfaltatze lanak batipat Txermin auzoan: 60.000 euro
  • Villabonan 2 komun publiko berri ezartzea: 57.000 euro
  • Udarako Ur-Parke berria Erreboteko plazan: 41.548,01 euro
  • Kale garbiketako makina elektriko berria (leasing): 31.500 euro
  • Villabonako udal pilotalekua margotzea: 22.000 euro
  • Parke berria eraikitzea Amalurra plazan: 14.500 euro
  • Furgoneta elektriko berria erostea (leasing): 8.000 euro
  • Kaleak garbitzeko sopladora elektrikoa erostea: 2.000 euro

Ingurumena eta mendiak:

  • 2021-2030 Energia Plana: Inbertsioak udal eraikinetan 50.000 euro
  • Errekak babesteko sare metalikoak jartzea: 25.000 euro
  • Euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak Kale Berrian: 20.000 euro
  • Herri-bideen inbentarioaren berrikuspena: 15.000 euro


Hezkuntza:

  • Fleming Herri Eskolarako inbertsioak: 70.000 euro
  • Arratzaingo eskoletan gasa jartzeko lanak: 20.000 euro
  • Seaska Haur Eskolako parkea eraberritzea: 14.395 euro
  • Aipatu behar dugu, aurrekontuan jasota ez badaude ere, 2022an gutxienez beste hiru inbertsio oso garrantzitsu gauzatuko direla:
  • Herritarren parte hartze prozesuko Herri Galdeketan garaile izandako Bolatokia estali eta padel pistak eraikitzeko proiektua: 396.590€
  • Olaederra kiroldegiko teilatua guztiz aldatzea: 354.000€
  • Larreako parkea estaltzea: 210.000€


BALORAZIO POLITIKOA

"Balorazio gisa aurrekontu hauekin gustura gaudela adierazi nahi genuke, aurrekontu benetan sozialak eta aurrerakoiak dira, herriaren beharretara ondo egokitzen direnak eta inbertsio oso garrantzitsuak dituenak. 2022ak erronka handia ditu guretzat, eta guk indarrez eta gogoz beterik helduko diegu, herri hobe baten alde lan egiteak harro sentiarazten gaituelako.

Amaitzeko, aurrekontu hauek osatzeko prozesuan EAJ-PNV eta PSE oposizioko alderdiek izan duten jarrera eta jokabidea aipatu behar ditugu. Guretzat tamalgarria da aurtengoan ere, udal gobernuarekin biltzeko eta negoziatzeko prest ez dagoen oposizio politiko batekin aurkitzea. Oposizio eraikitzaile bat egin nahi bada, gure alkatetzako ateak irekita daude, eta gurekin elkartu, proposamenak egin edo negoziatzeko pausua eman beharko luketela pentsatzen dugu.

Udalbatzara eramateko zuzenketa gutxi batzuk aurkeztea eta udalbatzan jarrera erakitzailea dutela esatea ez zaigu nahikoa iruditzen. Gainera, oso garbi ikusi dugu bai EAJ-PNVk eta baita PSEk ere, aurrekontu proposamena ezagutu aurretik ere, erabakita zutela kontrako bozka ematea. Ez dute negoziatu nahi izan, egindako proposamen apurrak guretzat onartezinak zirela bazekiten aldez aurretik, eta horrela oso zaila da oposizio eraginkor eta eraikitzailea izatea. Bereziki penagarria iruditu zaigu PSEko zinegotziak izan duen jokabidea, bere proposamenetako bi onartu eta aurrekontuan jaso baditugu ere, egin dituen beste proposamen batzuk guztiz onartezinak eta zentzugabeak iruditu zaizkigu, adibidez euskararen kontra egin dituenak.

Tamalez, kosta hala kosta, eta pisuzko argudiorik eman gabe, udal gobernu honek proposatutako guztiaren kontra bozkatzea izan da oposizioak egindako ekarpena."

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!