Akam espazioa, ametsen faktoria Amasa-Villabonan

Irune Alfonso 2021ko abe. 20a, 08:49

Amets eta Lurgi Zalakain ahizpak, Akam ekimenaren sortzaileak.

Amasa-Villabonan eta inguruan ia-ia aurkezpenik behar ez duten gazte artisauak dira Amets eta Lurgi Zalakain sortzaileak. Indarrak batu eta Akam espazioa sortu dute, buruan dituzten ideia eta ametsei bidea emateko

Bakoitza bere proiektu propioa garatzen hasi zen, espazio berean elkartu ziren arte. Elementuen arteko batuketa, tarteka, biderkatzaile izaten da. Horixe da bi ahizpen asmoa.

Zer da Akam espazioa?

Amets: Kaori Faktoria eta Amlu Studioa, bi proiektu elkartzen dituen lekua edo espazioa da. Hasiera batean, Lurgi hasi zen lanean ondoko lokalean, Kaori Faktoria izena zuena. Espazio hori txiki geratu zen eta, orduan, espazio handiago baten bila hasi ginen. “Akam espazioa bi egitasmoen letren batura da, eta hitzaren ahoskera oso gogoko dugu.

Zer lortu nahi duzue bertan?

Lurgi: Kaori faktorian geroz eta gauza gehiago egin nahi genituen, geroz eta proiektu eta ideia gehiago ari ziren sortzen eta genuen denda txikia geratzen hasi zen. Oraingoa erraz topatu genuen. Inguruan begiratzen, ez genuen oso urrutira joan nahi. Ahal zela, Kale Nagusian bertan geratu nahi genuen. Egia esan behar dut;  hasiera batean txantxetan esaten nuen hasierako dendaren pareta bota eta ondokoan amaituko genuela, eta azkenean gune horretan bertan sortu dugu espazio berria.

Espazio honek aukera gehiago ematen dizkigu buruan ditugun gauza guztiak aurrera eramateko: Kaori eta Amlu proiektuak indartzeko eta zabaltzeko, produktu berriak sortzeko, alde sozialago bati heltzeko; jende gehiago gonbidatzeko, ikastaroak hobeto eskaintzeko… 

Amets: Lehen joskintzara zegoen mugatua, orain bitxigintza ikastaroak ematen hasi gara, urtarriletik aurrera sortzaile edo artisau desberdinei irekiko dizkiegu ateak. Urtarillaren 15ean, adibidez, xaboigintza tailerra eskainiko dugu Aiora Urbieta zestoarraren eskutik. 

Denda izateaz gain, eta tailer horiez gain, ikastaroak antolatzen dituzue. Zeintzuk?

Lurgi: Joskintza ikastaroak hasi berrientzat, joskintza monografikoa, hau da, saio bakoitzean aukeratutako produktu zehatz bat egiten ikastea, 3D bitxigintza eta makrame ikastaroak. Sormenaren inguruan, ingurugiroarekin eta emakumearekin lotuta dauden ikastaroak, sormena eta haurrekin zerikusia dutenak… Orain arte oso harrera beroa jaso dugu, baja pare bat izan dugu koronabirusa dela eta. Talde txikiak dira eta berehala betetzen dira.

Amets: Orain arte elkartu garen sortzaile guztiak emakumezkok izan dira, nahigabe gertatu den zerbait izan da. Lehentasuna eman nahi diegu emakume sortzaileei, hemen espazioa izan dezaten. Edozein ikastaro egitera irekita gaude, gure baloreekin lotuta badoaz.

Baloreak aipatuta; merkataritza jasangarriaren aldekoak zarete. Eskualdean nola ikusten duzue alor hori?

Lurgi: Oraindik pentsamendua aldatu beharra dago, batzuk kontziente dira kontsumo arduratsuago batera aldatu beharra dagoela. Ez baita jasangarria oraingo eredua eta erritmoa, baina, jende asko dago oraindik horrekin jabetzen ez dena. Erabiltzen ditugun materiala eta gure esku-lana balorean jarri nahi dugu eta horrek prezio bat du. Kantitatea murriztu behar da, eta kalitatea gehiago baloratzen hasi. 

Zein da zuen bezero ohikoena?

Lurgi: Zer erosten duen dakiena, kalitatezko zerbaiten bila etorri dena, baldintza duinak babesten dituena eta mundu hobeago bat lortzeko bere aletxoa jarri nahi duena. Bertan bezero asko dugu, baita Goierri eta kostaldekoak ere. 

Amets: Antolatzen ditugun ikastaroetara Gipuzkoa osotik, Bizkaitik eta Nafarroatik etortzen dira.  

Ahizpak izanik, zaila da elkarrekin lan egitea?

Amets: Errazagoa da. Gure kasuan izugarriko konfiantza dago, elkar oso ondo ezagutzen dugu. Elkarrekin dugun konplizitatea ez dut uste beste norbaitekin lortuko nukeenik, onerako eta txarrerako. Elkar zaintzen gara, eta horrek asko laguntzen du lana aurrera ateratzeko. 

Kale Nagusian, zoritxarrez, komertzioak ixten ari dira.

Lurgi: Askotan pentsatu dut horretan, komertzioak ixten ari dira eta ez dago jarraipenik. Datozen belaunaldiak beste leku batzuetan dabiltza lanean, gazte gutxik ikusten du tokiko merkataritza aukera bezala. 

Bestalde, gauzak pixkanaka aldatzen doaz eta geroz eta gazte ekintzaile gehiago daude, uste dut aldaketa momentu batean gaudela. Merkataritza mantentzea eta suspertzea gure esku dago, baina horretarako gizarteak ere apustu hori egiten dutenak babestu egin behar ditu. 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 595. zenbakian

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!