Artisauen ekimen bateratuta ikusgai, Villabonako Rotetan

Irune Alfonso 2021ko abe. 18a, 08:00

Roteta denda izan zena moldatu, eta hilabeterako denda antolatu du Villabonako artisau taldeak.

Zer da pop up bat? Denbora jakin batean leku estrategiko batean kokatzen den denda da. Kontsumitzailea harritu eta erakarri nahi du. Nazioartean aski ezaguna den merkataritza ekimena eskualdera iritsi da. Amasa-Villabonan bezeroa harritu eta erakartzeko prest dira

Villabonan bertan sortzen duten bost artisau eta lau proiektuk osatutakoa da Roteta pop up. Villabonan aski ezaguna den Kale berriko Roteta dendan daude kokatuta. Helburu argia eta zehatza da; eskualdeko herritarrei ikustaraztea eta ezagutzera eramatea euren eskulana zein den. Denda fisikorik ez dute, horregatik, aukera bikaina iruditu zaie lau taldeak elkartu eta ekimen hau martxan jartzea. 

  • Sualma. Susana Carreterok eta Maria Barrenak osatutako proiektua da, egurrezko jostailuak egiten dituzte. Jostailu hauek pedagogia askea bultzatzen dute eta eskuz egindako pieza bakarrak dira. Bertako egurrarekin landutako piezak, jostailu ekologikoak. 
  • Kimuri. Mirari Errondosororen atzean dagoen proiektua da. Mundu japoniarra asko gustatzen zaio eta eskuz egindako produktu esklusiboak egiten ditu. Oihal japoniarrekin eta estanpatuekin egiten du lan, Yotaku teknikaren bitartez sortzen ditu kimonoak eta beste hainbat produktu. 
  • Helena Agell.  Eskuz serigrafiatutako eta azaleztatutako liburuak egiten ditu Helenak. Argazkigintza modu alternatibo batean erabiliz, berak sortutako irudiekin eta ilustrazioekin egiten du lan. 
  • Aza Studioa. Virginia Ameztoy da sortzailea, oihalekin egiten du lan. Eskuz estanpatutako teknikak eta tinta naturala erabiliz sortzen ditu produktuak.

Epe laburrean, zehazki 10 egunetan aurrera atera duten ideia zoro eta ausarta dela aitortu du Mirarik eta elkar ezagutzen direnez, proiektu honekin elkarrekin duten harremana estutu nahi dutela dio Susanak. Ordu asko igarotzen dute lanean produktuak sortzen eta atzean dagoen lan guztia erakutsi nahi dute. Nahiz eta piezak errepikatu, ale bakoitza bakarra dela azpimarratu dute guztiek, izan ere; materialak desberdintasunak izan ditzake, artistak egunean duen energia ere desberdina da eta horrek asko eragiten du piezak sortzerako garaian. Azkenean, sortutako produktuak artista bakoitzaren zati bat dela diote, eta batzuetan hunkitu egiten dira hainbeste denboran sortutako piezak saltzerako garaian. 

Bezeroarekin duten tratuaz galdetzean, bezeroarekin hitz egitea, komunikatzea eta denbora igarotzea azpimarratzen dute.  Helenak adierazi duenez, sentimenduak transmititzea ezinbestekoa da eta Virginiak gehitu du kultur aniztasunagatik ikaste prozesua etengabea izaten dela. Kide guztiek argi dute; hautu politikoa da. Bizitza ulertzeko ikuspuntua eta proiektu pertsonal txiki baten bitartez borrokatzeko, eta mundua pixka bat aldatzeko modua. Ilusio handiarekin amaitu dute elkarrizketa, izan ere, bost emakumeei asko gustatuko litzaieke eskualdeko emakume artisauen saretze prozesu bat hastea. 

 

Ordutegia:

Urtarrilaren 9ra arte. 

Kale Berria, 60 Villabona.

Sare Sozialak:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!