Landalab: Landa eremuko adineko herritarrak lagundu eta babesteko programa abiatuko da

Aiurri 2022ko urt. 10a, 10:56

Amasa-Villabonako Udalak udalerriko adinekoentzako arreta indartuko du, Landalab proiektua aktibatuz. "Bertan" izeneko ekimen zabalago baten parte da Landalab, INTERREG POCTEFA Europar Batasuneko programak finantzatua. Honen bidez, landa-eremuak dituen erronkei aurre egiteko modu berriak aztertzen ditu, hala nola, garraio egokitua, zainketa komunitarioa, detekzioa eta esku-hartze goiztiarra. 

 

Proiektuaren helburua udalerriko gizarte zerbitzuei laguntzea da, bakardadea eta pertsonen isolamendua ikusaraziz. Horretarako, Gizarte Zerbitzuak informazio sistema integral batekin eta komunitatearen lankidetzarekin egingo dute lan, “Auzozainak” deiturikoa. Pertsona hauek, bizilagunak, merkatariak, herriko apaiza, erizainak etab. izango dira. Hauen betebeharra proiektuan parte hartzen duten adinekoen ahultasun seinaleei adi egotea izango da, eta mugikorreko aplikazio baten bitartez hauskortasun egoera horren berri emango diete Gizarte Zerbitzuei, modu erraz batean.

Amasaren diagnostikoa egin da
Amasako auzoan 365 biztanle bizi dira; hauetatik, 95 pertsonek 65 urte baino gehiago dituzte (%26,8). Bizikidetza-unitateei dagokionez, Amasako 59 etxebizitzetan adinekoren bat bizi da eta horietatik 13 etxetan bakarrik bizi dira. Auzoko erdigunean, 13 etxe daude bakarrik edo beste pertsona adindu batekin bizi direnak. Sakabanatutako eremuan aldiz, 18 etxebizitza daude egoera berdinean. Diagnosi honek, prekarietate ekonomikoarengatik, mendekotasunarengatik edo oinarrizko baliabideen urruntasunarengatik sortutako adierazleengatik hauskortasun egoera larrian dauden pertsonen kopurua aztertzen du.

Gonbidapen gutunak bidaliko dira datozen asteetan
Datozen asteetan, udal Gizarte Zerbitzuetatik, gutuna bidaliko zaie pertsona adinduei proiektuan parte hartzera gonbidatuz. Honekin, zein laguntza-sarerekin kontatzen duten jakingo da eta zein babes sentsazio duten aztertu. Hauskortasun egoera larriagoan dauden pertsonen kasuan, beraiekin baloratuko da Landalaben parte hartzea edo beste baliabide batzuen beharra izango duten.

Ekimen honek Amasa-Villabonako herritarren lankidetza sustatu nahi du, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen lana osatu ahal izateko, zainketa komunitarioa bultzatuz eta zaintzaren kultura sortuz. Interesa duen edozein pertsona edo ekimenen parte hartu nahi duenak, proiektuaren dinamizatzailearekin (Maider 688 81 69 43) harremanetan jarri daiteke, edo Gizarte Zerbitzura (943 69 21 00) deitu dezake.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!