Gipuzkoako XII. Pilota Egokituko Txapelketa, Amasan

Aiurri 2022ko urt. 27a, 10:18

Villabonako Udalaren argazkia

Gipuzkoako XII. Pilota Egokituko Txapelketa hasiko da Amasako pilotalekuan. Larunbat honetan hasiko da hain zuzen, urtarrilaren 29an, goizeko 10:30ean. Atzo izan zen txapelketaren aurkezpena eta bertan egon ziren, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko ordezkariak, Beatriz Unzue alkatearekin batera. Parte-hartzaileek ere izan zuten bere lekua, txapelketan parte hartuko duten Leire Esnal, Manu Quesada eta Asier Navaridas kirolariak bertan izan ziren. 

Pilota egokitu txapelketan bi modalitate egongo dira: batetik, adimen urritasuna duten kirolariena, eta bestetik, urritasun fisikoa duten kirolariena.

Hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako hainbat herritan jokatuko dira partidak: Amasa-Villabona, Errenteria, Donostia (Añorga), Asteasu, Andoain, Idiazabal, Zarautz eta Zumaia. Buruz-buruko bi kategorien finalak martxoaren 12an jokatuko dira Idiazabalen. Eta, bikotekako txapelketaren finala, berriz, maiatzaren 14an egingo da Zumaian. Txapelketa honetan parte hartuko duten kirol elkarteak hurrengoak izango dira: Pagazpe, Mindara, Zarautz KE eta Zumaia KE. Gainera, aurten, ikusleek partidak ikusteko aukera izango dute. Iaz, Covid pandemiaren eraginez partida guztiak ikuslerik gabe jokatu ziren eta. Amasa-Villabonako udala harro agertu da egitasmoarekin "Amasa-Villabonako udalarentzat ohorea da horrelako txapelketa bat herriko frontoian abiatzea."

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!