Amasa-Villabonako udala hirugarren gerra karlistako Belabietako bataila ikertzen ari da Aranzadi Zientzia Elkartearekin

Aiurri 2022ko ots. 3a, 11:17

Duela 150 urte Amasa-Villabona herrian izandako gertakari historiko garrantzitsuenetako baten gaineko ikerketa zientifikoa martxan jartzea erabaki du udalak Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean. 

Gertakari historikoa 1873.urteko abenduan izan zen, udalak azaldu duenez Amasa-Villabonako lurretan izandako gertakizun militar historiko azpimagarrienetakoa da eta herritarren artean ezaguna ez den gertakizuna.  

Belabietako bataila, Amasako Belabieta mendiko magaletan izandako tropa Karlista eta Liberalen arteko gudu odoltsua izan zen. Moriones jeneral Liberalak Tolosako setio karlista apurtu nahi izan zuen, Lizarraga jeneral karlistak blokeatua baitzuen Tolosa. Bataila hartan milaka soldaduk parte hartu zuten eta ehunka hildako eta zauritu izan ziren. Ondo prestatutako bi armaden arteko aurrez aurreko borroka latza izan zen, fusil eta baionetekin elkar erasotzen aritu ziren. Orain arte egindako azterketen eta artxiboetako zenbait dokumenturen arabera, hirugarren gerra karlistaren baitan Gipuzkoan izandako batailarik gogor eta odoltsuenetakoa izan zen. "Aipatzen da guztira 600 bat baja izan zirela, dudarik gabe, zifra ikaragarria da. Agiri historiko batzuen arabera, gudu hau Liberalek irabazi zuten, kasu hauetan irabazlerik izan zenik esan badaiteke behintzat" azaldu du udalak. 

Udalak gertaera historiko hau ilunpetik atera eta Belabietan gertatutakoa modu zientifikoan ikertu nahi du, bataila honetako errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko eta herritarrei ezagutarazteko. Horretarako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu du 2021,2022 eta 2023 urteetan zehar bataila honen inguruko hainbat ikerketa lan egiteko: artxiboetako dokumentazioa jaso, sailkatu eta ikertu, Belabieta mendian bertan egingo den landa-ikerketaren bidez gerrako materiala jaso eta sailkatu, bataila honetarako eraiki ziren lubakiak ikertu, argitalpenak egin, informazio panelak ezarri etab. Aranzadik ikertzaileen lan-talde bat eratuko du lan hauek aurrera eramateko, Karlos Almorza ikerlari amasarraren ardurapean. Egitasmo honetarako, udalak 2022. urtean 8.010,20 euroko inbertsioa egingo du. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!