Osasun sistema publikoaren defentsa Aiztondo bailaran

Irune Alfonso 2022ko ots. 20a, 14:54

Errebote plazan eskualdeko dozenaka lagun elkarretaratu zen osasun publikoaren alde.

Osasun publikoa aldarrikatzeko herri mugimendua gorpuzten ari da Aiztondo bailaran. “Osasun publikoa defendatuz” ekimenaren baitan, mahai-ingurua eta elkarretaratzea antolatu zituzten Ernaik eta Aiztondoko Herri Mugimenduak.

Amasa-Villabonako Gurea antzokian "Birus bat sistemaren arrakaletan” mahai ingurua antolatu zen, joan zen otsailaren 8an. Covid-19a eta pandemia mintzagai hartuta gai askoren bueltan aritu ziren hizlari Ugo Mayor eta Izortze Santin zientzialari dibulgatzaileak. Prentsan eta sare sozialetan sona handia hartu dute biek. Bi orduko saioa izan zen, ikusleek interes handiarekin parte hartu baitzuten. Galdera asko egin zituzten.

Ezaguna den bezalaxe, pandemia SARS-CoV-2,7 birusak eragindakoa da. Lehen kasuak 2019ko abenduan atzeman ziren Wuhan hirian, Txinan. Gerora, hainbat herrialdetara hedatu zen birusa eta Osasunaren Munduko Erakundeak nazioarteko garrantzia duen osasun publikoko larrialditzat jo zuen. Orduz geroztik, informazio asko zabaldu da, desinformazioa sortuz. Zientzialariek datuen gainean lan egiten dutela-eta, sendo agertu zen Mayor: “Horrek suposatzen badu erakunde batzuren kontra nolabaiteko mezua helaraztea, hala izango da”. Santinek bere aldetik "zientzialariek izan duten erabateko zuhurtzia", azpimarratu zuen.

CO2 monitorizazio protokoloa

Zientzialariek eremu itxi batean zenbat CO2 pilatzen den neurtzeko sistema diseinatu dute eta Gurea zinemako solasaldian protokolo hori aplikatu zuten. 

Protokoloaren helburua, eremu itxi batean pilatzen den airea aurretik arnastutako airearen %1a baina gutxiago izatea da. Izan ere, gizakiak arnastean oxigenoa hartzen du eta oxigeno horren portzentaia bat CO2 modura isuritzen da. Denborarekin eremu itxi batean CO2a pilatu egiten da, beraz, pertsonaren bat birusarekin kutsatuta egongo balitz birusaren partikulak airean gera litezke. “Horregatik aparailuarekin CO2a neurtzean, jada arnastuta dagoen airea neurtzen da eta pertsona bakoitzak berriro ere aire hori zenbat ari den hartzen kalkulatu. Horren arabera mugak definitu ditugu”, azaldu zuen Ugo Mayorrek. 

Txertoak

Txertoen garapenaren gainean ere aritu ziren. Santinek azkartasunaren faktore gisa hiru arrazoi aipatu zituen; funtsa pribatu zein publiko askoren parte-hartzea; koronabirusaren aurreko aldagaiak dagoeneko ezagunak izatea eta ondorioz zientzialariek informazio asko izatea; eta RNA mezularian oinarritutako teknologiaren urteetako lana. Mayorrek gehitu zuenez, enpresa farmazeutikoen arteko lehiakortasunak bideratu du normalean baino askoz ere azkarrago lan egitea: “merkatu eskaera zein handia izan zitekeen ikusita, erangikorra izatera ahalik eta azkarren iritsi nahi izan zuten”.

Osasun publikoaz hitz egiterako orduan, Mayorrek larritasun handia adierazi zuen, zehatzagoak izateko, pandemiatik gehien larritzen duen esparrua dela aitortu zuen: “Aitzakia ezberdinekin kexa asko izan dugu, eta hemendik bost urtetara ezagutzen genuen osasun publiko hori edo sistema publiko horren balioa guztiz galduta egongo da bide honetan jarraitzen badugu”. Santinen iritziz, “pandemian zehar lehen arreta izan da presio gehien pairatu duen Osasun arloko atala. Ez zuten baliabiderik, pandemiaren ia ertz guztiak eurek kudeatu behar zituzten, eta beste gaixotasun askoren artaketa bertan behera geratu behar izan da. Nik uste dut pandemiaz baliaturik osasun publikoan jendarteak daukan konfiantza apurtu egin nahi izan dutela biztanleria sistema pribatuetara joateko; estrategia baten baitan kokatuko nuke gertatu dena”.

___________________________

 

Artikulu osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!