1873ko Belabietako bataila odoltsua ikertuko dute

Aiurri 2022ko ots. 17a, 13:54

Belabietako parajeak, eta bertan dagoen gurutzea

Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordeak aho batez erabaki du Belabietako mendi magaletan, III. Gerrate Karlistan barrena, 1873an, karlisten eta liberalen artean gertatu zen borrokaldi latza ikertzea. Eginkizun hori burutzeko, Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hiru urteetarako (2021-2023) hitzarmena sinatu dute.

Udalak ohar bidez azaldu duenez, “gudu edo bataila hau ez da oso ezaguna herritarren artean, zalantzarik gabe esan daiteke Amasa-Villabonako lurretan izandako gertakizun militar historiko azpimarragarriena dela”. Gertakizun historiko hori modu zientifikoan ikertuz, ilunpetik atera nahi duela esan du Udalak, “bataila honetako errealitatera ahalik eta gehien gerturatzeko eta herritarrei ezagutarazteko” helburuz.

Tropa Karlista eta Liberalen arteko gudu odoltsua izan zela hura gogorarazi du udalak.  hura. Horretarako, Moriones jeneral liberalak Tolosako setio karlista apurtu nahi izan zuen, Lizarraga jeneral karlistak blokeatua baitzuen Tolosa. “Bataila hartan milaka soldaduk parte hartu zuten eta ehunka hildako eta zauritu izan ziren. Ondo prestatutako bi armaden arteko aurrez aurreko borroka latza izan zen, fusil eta baionetekin elkar erasotzen aritu ziren. Orain arte egindako azterketen eta artxiboetako zenbait dokumenturen arabera, hirugarren gerra karlistaren baitan Gipuzkoan izandako batailarik gogor eta odoltsuenetakoa izan zen. Aipatzen da guztira 600 bat baja izan zirela, dudarik gabe, zifra ikaragarria da. Agiri historiko batzuen arabera, gudu hau Liberalek irabazi zuten, kasu hauetan "irabazlerik" izan zenik esan badaiteke behintzat”.

Hiru urtetako eginkizuna izango da Aranzadi Elkarteko ikertzaile-talde batek bere gain hartuko duena, esan bezala. Era askotako lana egingo du Aranzadik: “artxiboetako dokumentazioa jaso, sailkatu eta ikertu, Belabieta mendian bertan egingo den landa-ikerketaren bidez gerrako materiala jaso eta sailkatu, bataila honetarako eraiki ziren lubakiak ikertu, argitalpenak egin, informazio panelak ezarri etab.”. Karlos Almortza ikerlari amasarraren ardurapean ariko da lan-taldea.

Udalak 2022an 8.010,20 euroko inbertsioa egingo du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!