Larreako parkearen proiektuak duen atzerapenagatik, azalpenak eman ditu Amasa-Villabonako udalak

Aiurri 2022ko ots. 18a, 09:36

Villabonako udalaren argazkia

Larreako haur parkea estaltzeko proiektua, 2014an garatutako herritarren parte hartze prozesuan, herritarren babes handiena jaso zuen proiektua izan zen. Proiektu honek Villabonak duen gune estali gehiagoren beharrari erantzuten dio. 

EH Bilduk proiektua hauteskunde programan aurkeztu zuen eta 2019ko ekainean udal gobernuan jarri zirenetik, Larreako parkea estaltzea lehentasunezko egitasmoen artean kokatu zuen.

2020 urte hasieran, proiektu berreskuratu zen, udala proiektuaren egilea den Antonio Lopez arkitektoarekin harremanetan jarri zen, udal arkitektoak proiektuaren aldeko txostena egin zuen eta 175.000 euroko lehen diru partida sortu zen. 2020ko irailean udaleko Hirigintza eta Ingurumen batzordean proiektua ofizialki onartu zen EH Bildu eta PSEren babesarekin eta EAJ-PNVren kontrako botoarekin. Behin proiektua onartuta, 2020. urtea amaitu aurretik esleipen prozesua martxan jartzea zen asmoa.

Helburu hori ezin izan dela bete, Covid-19aren pandemia dela eta. Izan ere,  osasun larrialdi egoerak sortutako krisi ekonomiko eta sozial larriari erantzutea bilakatu zen Udalaren lehentasuna. Halaber, arazo tekniko ugari izan dira.

Lurzoruaren azterketa Geologikoa. Eremuaren segurtasuna bermatzeko, Udalak parkearen azpialdeko lurzorua aztertu behar izan zuen. LURTEK enpresa kontratatu zen eta zundaketa lanak egin ziren, lurzoruaren ezaugarriak aztertu eta txosten geotekniko bat osatzeko. Ezusteko lan honek lehen atzerapena eragin zuen.

Altzairuaren prezioaren igoera: Honek proiektuaren aurrekontua aldatu beharra eragin zuen. lehengai honen prezioaren igoerak proiektuaren aurrekontuari nola eragingo zion jakiteko azterketa egin zen eta hasierako aurrekontuari gehikuntza ekonomiko bat egin behar izan zaio.

Parke ondoko propano-tankea. Hau izan da proiektuan atzerapen handiena eragin duen arrazoia. Propano tanke bat dago haur parkearen ondoko belardi txiki batean lurperatuta. Legedi urbanistikoak eta Europako UNE 60250 arauak, ezartzen dute legez kanpokoa dela estalitako haur parke batean horrelako tanke bat izatea. Udala bizilagunekin harremanetan jarri da eta propanotik gas naturalerako transformazioa egiteko eskaintza egin die. Horrela, tanke hori kanpo utzi eta inertizatu egingo litzateke, arazoari irtenbidea emanez.

"Guzti honengatik, tamalez, proiektu honek atzerapen handia pilatu du eta horregatik barkamena eskatzen diegu herritarrei. Oraingoz ezin izan dugu emandako hitza bete, eta asko sentitzen dugu" adierazi du udalak. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!