"Osasun sistema indartzea eta inbertsioa areagotzea da garrantzitsuena"

Irune Alfonso 2022ko ots. 23a, 07:51

Osasun publikoa aldarrikatzeko herri mugimendua gorpuzten ari da Aiztondo bailaran. “Osasun publikoa defendatuz” ekimenaren baitan, mahai-ingurua eta elkarretaratzea antolatu zituzten Ernaik eta Aiztondoko Herri Mugimenduak.

Aiztondo bailaran herri mugimendu indartsua sortu da.

Bailara beti hor egon da edozein beharren aurrean, elkartasuna eta prestutasuna erakutsiz. 

Osasun publikoaren aldeko dinamikan erantzuna eman da. Adin eta interes ezberdineko taldeak elkartu dira, eta horrek oso aberasgarri egin du ekimena. 

Zein izan zen mahai-inguruaren helburua?

Zientzialarien iritzia jasotzeko gogoa genuen. Koronabirusaren pandemiaren kokapena egin nahi genuen, eta baita egin den kudeaketaren inguruan hausnartu ere; hartu diren neurriak benetan ebidentzia zientifikoetan oinarrituak izan diren, herritarren ongizatearen alde izan den…

Osasun sistemaren inguruan hausnartzera ere eraman gaitu. Agerian geratu da egungo osasun sistema arrakalaz betea dagoela, eta pandemiak areagotu besterik ez du egin, albo ondorio ugarirekin. Osasun sistema indartzea eta inbertsioa areagotzea da garrantzitsuena. 

Beste mahai-inguru bat antolatu duzue. 

Iruditzen zaigu interesgarria izan zitekeela norberak krisi hau nola bizi izan duen plazaratzea, bere sentimendu eta bizipen ezberdinak elkarbanatuz. 

Egindako ekintzen balorazioa egingo zenukete?

Oso gustura gaude osasungintzaren inguruan egin diren ekitaldiekin. Antolatu genuen mahai-ingurua zinez interesgarria eta aberasgarria izan da. Jendea oso gustura atera zen Gureatik. Agian, denok behar genuen errealitate ufada bat, azken bolada luze honetan norbanako bezala ere asko sufritu baitugu. Aiztondoko herri mugimenduak egindako elkarretaratzea ere  positibotzat jotzen dugu ere, uste dugulako oso garrantzitsua dela gure osasun sistema publikoaren aldeko aldarrikapena egitea, eta herritarren erantzuna oso ona izan da. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!