Amasa-Villabonako Udalbatzak behar bereziak dituzten kontsumitzaileen aurrez aurreko arreta jasotzeko eskubidea aldarrikatu du

Aiurri 2022ko ots. 23a, 13:17

Udalaren argazkia

Amasa-Villabonako Udalbatzak  aho batez onartu du behar bereziak dituzten kontsumitzaileek, batez ere adineko pertsonek, aurrez aurreko arreta jasotzeko duten eskubidea aldarrikatzen duen Erakunde Adierazpena.

 

Adierazpenean, zerbitzu guztietan eta arreta emateko dagozkien orduetan, aurrez aurreko arreta eskaintzeko eskatzen zaie. Bereziki,  banketxeei, izaera publikoko erakundeei eta elektrizitatea eta gasa kudeatzeko bulegoei dago zuzendua. Besteak beste, sistema digitalak edo makinak erabiltzea saihesteko. 

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Kontseiluak adierazi duenez,  indarrean dagoen araudiak ez du lortu, bilatzen zuen emaitza; bezeroarentzako arreta-zerbitzu gehienek gabezia handiak dituzte eta ondorioz, kontsumitzaile eta erabiltzaileak ezinbesteko kalteberatasun eta babesgabetasun egoeran daude. 

Pertsona horiek ingurune digitalean dituzte, oro har, zerbitzuak eskuratzeko zailtasun handienak eta zailtasun hori areagotu egiten da bide digitala denean produktuak edo zerbitzuak kontratatzeko eskaintzen den modu bakarra.  Gainera, gero eta maizago gertatzen da, batez ere kontuan hartuta, adinekoek arreta pertsonalizatua behar  dutela eta eskatzen dutela. Hala gertatzen da, adibidez, bankuen esparruan: Estatistikako Institutu Nazionalak 2020an egindako «banku elektronikoa eta finantza-zerbitzuak» txostenaren arabera, 65 eta 74 urte bitarteko pertsonen % 32,6k eta 75 urtetik gorakoen % 9,1ek baino ez dute banku elektronikoa erabili azken hiru hilabeteetan. Estatuan bost milioi pertsonak baino gehiagok ez dakite Internet bidez jarduten, eta irtenbide bakarra senide edo konfiantzazko pertsona baten esku uztea da, finantza-independentzia galtzearen truke.

Arrazoi guzti hauegatik honakoak dira Amasa-Villabonako udalak hartutako erabakiak: 

  • Amasa-Villabonako Udalak konpromisoa hartzen du administrazio publiko honetan egin behar dituzten izapideetan zailtasun bereziak izan ditzaketen adinekoen eta edozein adinetako pertsonen zailtasunak berrikusteko eta zerbitzuak ematean dituzten premiak kontuan hartzeko.

  • Amasa-Villabonako Udalak udalerrian zerbitzuak ematen dituzten enpresei eta erakundeei eskatzen die kontsumitzaile kalteberei arreta pertsonalizatua emateko, bai adinekoak direlako, bai zailtasun bereziak izan ditzaketelako.

  • Amasa-Villabonako Udalak erakunde publiko zein pribatu horiei eskatzen die kontuan har ditzatela kolektibo horien behar bereziak eta arreta hurbilekoa eta azkarra eman diezaietela, kalean itxaroteko denborak saihestuz.

  • Amasa-Villabonako Udalak bereziki banketxeei eskatzen die aurrez aurreko zerbitzua lanaldi osoan eskain dezatela, 65 urtetik gorako pertsonei zerbitzu horiek eten izanak eragiten dizkien kalteak gainditzeko.

  • Amasa-Villabonako Udalak banketxeei, izaera publikoko erakundeei eta elektrizitatea eta gasa kudeatzeko bulegoei, besteak beste, eskatzen die sistema digitalak edo makinak erabiltzeko betebeharra saihesteko eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetara heltzeko.

  • Udal honek konpromisoa hartzen du herritarrei zerbitzu guztietan arreta emateko prestatutako orduetan aurrez aurreko arreta eskaintzeko.

  • Era berean, Amasa-Villabonako Udalak Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen die beren eskumeneko zerbitzu bakoitzean aurrez aurreko arreta emateko, behar duten pertsonek erantzuna jaso ahal izan dezaten beren eskariak kudeatzean sortzen zaizkien arazoei, pertsonen kalean itxarotea saihestuz.

  • Amasa-Villabonako Udalak tokiko merkataritza-establezimenduei eta ostalaritza-establezimenduei gonbidapena egiten die adineko pertsonekin eta zailtasun bereziak dituzten pertsonekin adiskidetasuna errazteko neurriak praktikan jar ditzaten, hala nola, ate errazak, sarrerako heldulekuak, itxaroteko eserlekuak, poltsetarako eta paketeetarako laguntzak, probaleku eroso eta irisgarriak, letra argi eta handiko kartelak, informazio eskuragarria, etab. Horretarako, Udalak arreta berezia eskainiko die sentsibilizazio eta sentsibilizazio kanpaina bereziei. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!