Oporrak Bakean martxan da berriro ere

Aiurri 2022ko mar. 15a, 10:42

Oporrak Bakean, Saharako haurrei oporrak Euskal Herrian pasatzeko aukera ematen dien programa bi urteren ondoren, berriro ere martxan da. «Bi urteren ondoren, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan jaio eta hazitako haurrez bete nahi ditugu Tolosaldeko plazak», adierazi dute antolatzaileek, eta ahalik eta haur gehienek udara gure artean pasa dezaten, harrera familia bila dabiltza.

 

Covid-aren arazoari Saharako gerra, eta komunitate honek egunero pairatzen dituen arazoak gehitu behar zaizkio: besteak beste, janari eta ur eskasia, 55 gradutik gorako tenperaturak edota azterketa medikuen gabezia. «Mundu mailako pandemiak gogor astindu ditu errefuxiatuen kanpalekuak. Nazioarteko laguntzari esker bizirik irauten duen herri batentzat, mugak itxita izateak ondorio larriak dakartza. Covid-19aren gaixotasunak berak eragindako arazoei, aldi berean, beste arazo asko gehitu zaizkie». Horregatik hasi dira familiak bilatzeko prozesuarekin, «Harrera-familia bila gabiltza, ahalik eta haur gehienek udara gure artean igaro dezaten. Bi hilabetez etxean kide bat gehiago onartzeko prest dauden familiak nahi ditugu. Saharako herriarekin konprometitutako familien bila ari gara».

Saharako haur bat etxean hartzeko interesa dutenek martxoaren 27a baino lehen eman beharko dute izena www.oporrakbakean.eus webgunean edo oporrakbakean@gmail.com helbidera idatzita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!