Amasa-Villabonako "Kanaletako Bidea" agertuko da Tolosaldeko Mendi Ibilbideen gidan

Aiurri 2022ko mar. 18a, 12:55

Iraupen eta zailtasun anitzeko 31 ibilbide jaso dira mapan, eta Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango da, doan. Tartean, Amasa-Villabonako "Kanaletako Bidea" -ren inguruko informazioa izango da. 

Tolosaldea Garatzeneko Turismo Sailak eskualdeko mendi ibilbide homologatuen gida argitaratu du. Eskuorriak, egoki seinaleztatuta dauden 31 mendi-bideren inguruko informazioa biltzen du. Gainera, mapa bat osatu dute, ibilbide guztien informazioarekin; zehatzak izateko, deskribapen laburra, distantzia, zailtasun-maila, iraupena eta malda agertuko dira. 

Ibilbide guztiek hasieran informazio panela izango dute. Zailtasunaren arabera  marra txuri-berde, txuri-hori edo txuri-gorriekin bereiztuak agertzen dira. Hau guztiaz gain, ibilbideen balio natural, paisajistiko, etnografiko edo historikoak aurkitu ahal izango dira. Oinarrizko informazioaz gain, eskuorrian bideen gogortasun tekniko nahiz fisikoa baloratzeko mendizaleek erabiltzen duten MIDE komunikazio sistemaren arabera ere sailkatuta ageri dira ibilbideak. Lau ezaugarri –ingurunea, ibilbidea, ibilaldia eta ahalegina– hartzen dira kontutan, bakoitzari 1etik 5erako puntuazio esleituz. Aipatzekoa da, segurtasuna bermatzeko eta ingurunea errespetatzeko hainbat gomendio ere jasotzen direla gida-liburuan.

Gidak Tolosako Plaza Zaharrean kokatzen den Tolosaldeko Turismo Bulegoan daude eskuragarri, nahi duen ororentzat.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!